GARA > Idatzia > Kultura

KRITIKA haur literatura / ipuina

«Josetxo hargina» Katea eten zenean

p053_f02.jpg

Xabier ETXANIZ ERLE

Ahozko literaturan badira zenbait kontakizun antzeko egitura dutenak. Nor da animaliarik indartsuena? Nor da pertsonarik azkarrena? Eta antzeko galderei erantzunez kate bat osatzen joaten da harik eta inor gutxik espero duen erantzuna aurkitu arte. Horrela, zeruan gora gehien igo den hegaztia txepetxa txikia izango dugu, arrano eta horrelakoen aurretik; animaliarik indartsuena inurriaren parekoa dugu… egitura hau, berez, nahiko ezaguna da eta horretatik abiatu da Mitxel Murua herriko gizakirik indartsuena bilatzeko. «Herriko indartsuena ez, munduko indartsuena da Joxetxo! Domina bat merezi du!», esango du orduan herriko alkate «harro eta txepel hutsa»-k.

Eta hain zuzen, Josetxori domina emateko ekitaldian hasiko da gizaki kate luzea, Josetxok errementariarengana bidaliko ditu, honek meatzariarengana («nik burdinarik ez baneuka, ezingo nuke mazorik egin»), meatzariak, aldiz, kamioilariarengana («kamiorik ez baneuka, dena alferrik, ezingo nuke burdina inora eraman»), kamioilariak gasolindegiko nagusiarengana eta azken honek alkatearengana bidaliko ditu guztiak kate horretan zalantzak eta haustura sortuz. Herritarrek oso ongi hartzen dute harginari domina ematea, bai eta errementariari edo meatzariari, kamioilariari… baina inola ez alkate txepelari: «Bere buruari dominak jartzen dizkiona ez da indartsua. Harroena da!», esango du Josetxo harginak eta esaldi horren ondoren sorturiko mugimenduak alkatea botatzea lortuko du.

Muruak, orduan, ipuinaren bigarren zatiari ekiten dio: alkate berriaren aukeraketari. Eta oraingoan ipuinak jarrera populista hartzen du; lehengo alkate txepela eta Josetxo harginaren artean aukeratu beharko du herriak, eta prozesua eta jokabidea modernoa eta gaurkoak izan arren, antzinako ipuinen bereizketa argia ageri da. Txepela eta harroa versus langilea eta herrikoia; eta hemen mundua bi koloretan bakarrik ageri zaigu. Ez hori bakarrik, herritarren artean ere irizpide eta jokabide bakarra ageri dira (boto guztiak dira Josetxorentzat bat izan ezik, alkate zaharrak bere buruari emanikoa, alegia).

Lehen irakurleentzako istorioa dugu hau, eta alde horretatik egia da arin eta gustura irakurtzen den ipuin baten aurrean gaudela; Mitxel Muruak ederki lortzen du istorioaren nondik norakoan irakurlea eramatea, elkarrizketa biziak eta deskribapen urri baina zehatzen bidez. Egia da ere oso biziak, argiak eta iradokitzaileak direla Antton Olariagaren irudiak, testuari informazio gehiago erantsiz eta kolore eta trazu aldetik oso indartsuak. Teresa Duranek ilustraziogintzaz zioen bezala, irudiak indarra hartzen du Olariagaren obra honetan ere (azaleko irudian harginarenarekin batera ageri diren besoen irudi iradokitzailean bezala).

Hala ere, niri bigarren zatiaren garapenean ez zait oso sentsazio ona geratu. Ipuinak hasieratik indarra eta balioa izanagatik, gero, alkate berriaren aukeraketan, airea galtzen ari den puzgarriaren antzeko sentsazioarekin geratu naiz. Baina Jaussek zioen bezala, espektatibak norberaren kontua dira eta Josetxo hargina ipuin entretenigarri eta gomendagarria dugu, tradizioa eta gaur egungo gizartea uztartzen dituen ipuina.

Fitxa

Titulua: «Josetxo hargina».

Idazlea: Mitxel Murua.

Irudiak: Antton Olariaga.

Argitaletxea: Elkar.

Orrialde kopurua: 32.

Salneurria: 6,70 euro.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo