GARA > Idatzia > Euskal Herria

Guztia prest Abaltzisketak bihar Eskola Txikien Festa ospatzeko

GARA |

Dena prest dago dagoeneko Abaltzisketan bihar bertan egingo den Eskola Txikien Festa ospatzeko. «Jaia eta ospakizuna etorkizuneko erronkekin uztartu nahi ditugu, ez baitugu ulertzen Abaltzisketarik eskola txikirik gabe», adierazi zuen Joxe Ramon Mujikak, jaiaren koordinatzaileak.

300 biztanle inguru dituen arren, bisitari askoren etorrera espero dute herrian, eskola, auzo eta herri txikiak bizirik mantentzeko helburuarekin. 10.30ean zabalduko da eguna, harrera ekitaldiarekin, eta behin hori 11.15ean amaitzean, bi orduz luzatuko dira haurrentzako jolasak goiko kalean, frontoian eta frontoiaren atzean jarriko duten karpan.

Ostean, 13.30ean, lekuko aldaketa egingo da guztiok elkarrekin bazkaltzera joan aurretik. Frontoian herri bazkaria egingo da, eta, horrez gain, etxetik bazkaria eraman nahi duen orok karpan jateko aukera izango du.

Pirritx eta Porrotx pailazoak ere bertaratuko dira Abaltzisketara, txikienei irribarre batzuk lapurtzera. Helduagoek, berriz, malabarismo ikuskizuna ikusteko aukera izango dute. Bi ekitaldiak 16.00etan izango dira.

Herriko lau tabernak zabalik egongo dira eta komunak jarriko dituzte hiru gune ezberdinetan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo