GARA > Idatzia > Kultura

Kalean dira Kutxa Irun Hiria lehiaketa irabazi zuten bi poesia liburuak

M. LARRINAGA | DONOSTIA

Aurtengo Kutxa Irun Hiria literatura lehiaketaren poesia arloko irabazleen liburuak Alberdania argitaletxeak kaleratu ditu jadanik: Asier Serranoren «Desterratuen piztiarioa» eta Fatima Frutosen «Andromeda encadenada», alegia.

Atzo bi idazleak Donostian izan ziren lanak aurkezteko saio batean. Asier Serranok orain arte idatzitako liburuen artean «erosoen» idatzi duena izan dela azaldu zuen, «oso gustura sentiarazi nauen liburua da». «Desterratuen piztiarioa» estilo zuzenean idatzitako poesiek osatzen dute, Serranok bere eta besteen barrura begiratuz idatzitakoa. «Poema bat idazteko inguruan begiratzea nahikoa ez dudala konturatu naiz, urrunago joan behar dut, sentimendu eta barrenetara», esan zuen.

Fatima Frutos donostiarrak emakumea goraipatzen du «Andromeda encadenada» liburuan. «XXI. mendean emakumeak pairatzen dituen gabeziak direla-eta, itxaropen testu bat da liburua», esan zuen Frutosek. Lehen zati batean mundu faltsu eta errealeko hainbat emakume berreskuratzen ditu: Andromeda, Eboliko printzesa... Azken horrek, adibidez, Felipe II.ari gutun bat idazten dio pasarazi zion itxialdiak aipatzen, gizona lotsarazteko saiakera bat izango balitz bezala. «Emakumeoi gauzak zail jarri dizkiguten pertsonaiek entzungo naute liburu honetan». Carolina Coronado poeta ere berreskuratzen du liburuan; hau da, «Becquer emakumea» bezala ezaguna egin zen idazlea. Bere lagun Juan Eugenio Hartzenbusch lagunari idazten dion gutun bat da Frutosek sortutako poesia.

Erotismoa lagun

Liburuaren bigarren zatian poesia erotikoa jasotzen du donostiarrak, baina, emakumeen ikuspuntutik jorratutako erotismoa. «Erotismoari buruz idazten duen emakume batek beste batzuk laguntzen dituela uste dut. Telebistan ikusten dugun erotismo guztia gizonezkoen ikuspuntu batetik baitago landuta», azaldu zuen. Gainera, kaleratu zuen lehen poesia liburua ere erotismoari buruzkoa izan zen, «De carne y hambre» izenekoa (Huerga y fierro argitaletxea).

Azkenik, literatura eta poesia frantses eta portugaldarrari egindako omenaldi txiki bat ere gehitu dio «Andromeda encadenada» liburuari hirugarren zatian; ama donostiarra eta aita portugaldarra dituenez, bizilagun diren bi estatu horiek omendu nahi izan ditu.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo