GARA > Idatzia > Kirolak> Mendia

Mendiko eskia Alpeak

Chamonix-Zermatt, azkar eta geldialdirik gabe

Borja Ortizek, Dani Cejudok eta Gaizka Itzak bi herri horietako elizak mendian zehar eskiekin lotu dituzte 43 ordutan; hori bai, kanpo laguntzarik eta geldialdirik egin gabe.

p043_f01_148x112.jpg

Andoni ARABAOLAZA

Chamonix-Zermatt zeharkaldia eskiekin lotzea duela denbora askoko kontua da. Ez, ordea, kirol ikuspuntu soil batetik Alpeeetako bi hiriburu horiek «esprintean» egitea. Hots, errekorren agerraldia gero eta indar handiagoa hartzen ari da. Azken urteotan, batez ere eski alpinoko espezialista indartsuenetarikoak helburu horren bila aritu dira, besteak beste, Stephane Brosse. Eskiatzaile frantziar horrek eta beste bakan batzuek denbora 24 ordutik jaistea erdietsi dute. Azkenak eta errekor berriaren jabe direnak honakoak dira: Jean-François Premat, Alain Premat eta Sebastien Baud. Bada hirukote honek apirilaren 8an ezarritako denbora berria 18 ordu, 50 minutu eta 29 segundokoa da.

Handik bi astera, Borja Ortiz kantabriarrak, Dani Cejudo asturiarrak eta Gaizka Itza bizkaitarrak osatutako taldeak 43 ordutan sinatu zuen sona handiko Alpeetako zeharkaldi hori. Jakina denez, hirukotearen asmoa ez zen errekor berria sinatzea. Hori oso argi zuten: «Errekor ezberdinak egin dituztenak profesionalak dira; gu, ordea, ez».

Bi egun baino gutxiago, ahal zuten azkarren, baina errekorrak alde batera utzita. Jakin bazekiten helburu horietarako oso indartsu direla; hots eskarmentu handia dutela. Pare bat adibide: duela 2 urte, Ortizek eta Itzak «Transcantabrica» zeharkaldia astebetean poltsikoratu zuten. Eta urte berean, berriro Ortizek eta Ivan San Martinek Chamonix-Zermatt 19 ordu eta 46 minutuan lotu zuten. Hori bai, ohiko ibilbidea jarraituz.

Geldialdirik gabe

Duela bi urtekoa ohiko bidetik egin zuen Ortizek; oraingoan, ordea, jatorrizkotik egin du. Apirilaren 21eko goizaldeko lauretan irten ziren Chamonixeko elizatik, eta Zermatteko elizara iritsi, berriz, biharamuneko gaueko hamaiketan. Jakina, beste ibilbidearekin alderatuta (eta hor dago gakoa), teleferiko zein autobusik erabili gabe. Den-dena eskiekin (elurrik ez zegoenean zapatilekin), kanpo laguntzarik gabe eta non-stop edo geldialdirik gabe.

Zifrei dagokienez, mendiko eskiko iraupen luzeko hiru espezialista hauek 8.700 metroko goranzko desnibela eta 110 kilometroko ibilbidea osatu zuten. Eta, aipatu dugun legez, zeharkaldi original osoa 43 ordutan poltsikoratu zuten. Azpimarratzeko modukoa da, denbora hori egiteaz gain, helburuaren oinarri izan den zutabeetako bat: laguntza eza. «Hori zen argi geneukan gauzetako bat. Soilik `laguntzatxo' bat izan genuen, guk geuk egina, gainera. Zeharkaldiaren bezperan, Bourg St. Pierre herrian utzi genuen furgoneta. Han bertan jatekoak eta edatekoak utzi genituen», dio Itzak.

Pozarren amaitu zuten zeharkaldia hiru mendizaleek: «Inoiz egin dugun zeharkaldirik luzeena eta gogorrena izan da. Estilo garbian egin dugu. 30 orduko aurreikuspena egin genuen, baina pisu gehiegi generaman. Ederrena izan da, geure ametsa bete dugulako. Oro har, baldintza onak izan ditugu, batez ere elur-bildu arrisku handirik ez zegoelako. Hala ere, bero egin zuen, eta zati batzuetan batere elurrik ez zegoen».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo