GARA > Idatzia > Kirolak> Pilota

«Berriz ere finalera heltzea ez da gutxi»

Iosu Oiaga | Hernaniko entrenatzailea

Azken bi kanporaketak 5-1 irabazita heldu zarete finalera.

Nahiko ongi iritsi gara finalera, baina emaitzek apur bat engainatzen dute. Oiartzunen kontra adibidez, beraiek ziren faborito eta zorte txarra eduki zuten. Kadetetan, partidua hasi eta berehala, 5-4koarekin, pilotari bat lesionatu egin zitzaien eta aldatu egin behar izan zuten. Jubeniletan ere, 8-9koarekin, beraien atzelariak uzkurdura txiki bat izan zuen eta ezin izan zuen onena eman. Azkenean 3-0 irabazi, baina emaitza engainagarri samarrarekin. Aurten, gainera, nik uste Oiartzun zela faborito nagusia txapela irabazteko.

Donostia, aldiz, asko sufrituta sailkatu da finalera. Hori ikusita, zuek faborito al zarete?

Ez dakit horrela ikusi behar den. Beraiek zerbaitegatik iritsi dira finalera, eta gu ere bai. Eta behin finalean egonda edozer gerta daiteke. Urduritasunak ere zer esana izaten du finalean, eta ikusi egin behar zeinek eramaten duen hori dena hobeto.

Mailaz maila, zer pronostiko egingo zenuke?

Kadetetan uste dut beraiek bikote hobexeagoa dutela, aurrelaria oso bizkorra da, oso azkarra, eta horrek asko balio du final batean. Hor beraiek ikusten ditut faborito, nahiz eta gu ere saiatuko garen dena ematen. Jubeniletan ere bikote txukuna daukate. Bi aurrelari dira, batek atzean jokatzen badu ere, oso ondo moldatzen da. Guk daukaguna da aurrelari indartsua, asko jotzen duena, baina ikusi egin behar zer tenpletan ateratzen garen. Seniorretan ere guk bikote ona daukagu, baina beraien aurrelaria lehenengo mailakoa da, oso ona, eta atzelaria ere segurua da. Finala irekia dagoela esango nuke.

Herrian zer giro sumatzen da?

Ez naiz jende gehiegirekin egon, baina gauza da sanjuanetan tokatzen dela finala. Jende asko etorriko da, gaupasa egindako gazte jende asko, eta jendeak irabazteko gogoa du jada. Ez da gutxi urtea joan eta urtea etorri finalean egotea, azken hiru alditan hemen izan gara, aurkari ezberdinekin gainera, baina behin hona iritsita, irabazteko gogoa beti izaten da. A.A.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo