GARA > Idatzia > Kultura

Joxemari Carrere Ipuin kontalaria

Eguzkiaren dantza

Su saltoan ibiltzea ume kontuak dituk. San Joan eguneko benetako magia sentitu nahi bada, egun horretan eguzkia dantzan nola sortzen den ikusi behar da». Lagunak esandakoak ez ninduen harritu, izan ere, orijinaletan orijinalena izaten saiatzen diren horietakoa da. Arrazoi apur bat, ordea, ez zitzaion falta. Euskal sinesmen zaharra da Donibane egunaren hasieran Eguzkia dantzan sortzen dela. Zergatik dantzan sortu egun horretan? Hori ulertzeko munduaren zein bizitzaren ikuskera magikoa, erlijiosoa agian, fantastikoa esango nuke, barneratua izan beharko dugu. Beste sinesmen hau ulertzeko bezala. Diote Nabarnizen dagoen Gaztainatxu gaineko Maruelexan egun horretan lurretik galdara bat irteten dela, eta irteten den leku horretan ez dela iratzerik hazten. Zerk sortarazi ditu sinesmen hauek?

Sanjoanak izan ohi dira udaren iragarle alaiak. Bizitzearen pozaren atarian jartzen gaitu San Joan egunak. Plazetan altxatutako zuhaitzen inguruan dantza egiten da, suak piztu, traste zaharrak erre, su gainean salto egin, desio ederrak eskatu. Erreka putzuetan gorputza garbitu, gaitzak aldendu. Eta eguzkia dantzan sortzen ikusi.

Arrazonamenduaren eta hiper-logikaren mundu honetan, jende humanook oraindik magikotasunaren beharra dugu; bizitzaren fantastika aldarrikatu, bizitza bera aldarrikatzeko. Kontalariok, izatearen bide horietan abiatu behar dugu ipuinen zein kontatzearen zentzua barneratzeko, bestela hitz hutsetan ariko gara, erritmorik gabeko berriketan, hitzak dantzan jarri gabe.

Nire lagunak ez du oraindik eguzkia dantzan ikusi, agian ulertu ez duelako ostertzera begiratzea ez dela nahikoa.