GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Kutxen bankarizazioa, presaka eta tranpetan

BBK, Kutxa eta Vital Kutxa batu eta banku bilakatzeko prozesuak kapitulu berria ezagutu zuen atzo administrazio kontseiluen baiezkoarekin. OK hori eskuratuta, paraleloki, EAJk, PSEk eta PPk diskrezioan negoziatzen dihardute boterea banatu eta beren sokakoak etorkizuneko bankuaren kontseilari gisa «kolokatzeko». Prozesua sekretupean, herriari bizkar emanda egin izanak, batetik, eta jada disimulurik gabe aitortzen den legez, kosta ahala kosta Bilduri banku berrian sarbidea oztopatzeko asmoz prozesua azkartzeko izandako presak, bestetik, joko zikina baliatu duten susmoa areagotzen du. Eta aurka daudenen ahotsak eta arrazoiak biderkatzen ditu. Aurrekari eta modu horiekin buztinezko oinak dituen erraldoi bat eraikitzen ari dira, errealitate sozial eta instituzional berriari arrotz zaiona. Oinarri sendorik gabe, azken hauteskundeek kutxen batzarretan utzi duten ordezkaritza berria saihesteko esprintean burutu nahi den egitasmo hau gauzak egiteko modu eskasaren adibide argia da. Zailtasunak handiagoak izan arren, muinean eta forman aurre egitera behartzen du, txapuza deseraikitzera, bere ondorioak konponezinak izan aurretik.

Oraindik azkarrago egin dezakete lasterka, eta okerrean tematzen segi. Baina haize berriak hemen dira jada eta geratzeko etorriak dira. Gure herriko finantza bunker hermetikoak aireztatuko ditu, bai. Eta horiek gidatzen dituen troika horren jakitun da. Badaki azken hitza esan gabe dagoela.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo