GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

Kronika | Eleak mugimenduaren aske eguna

Rafa Diez:«Euskal jendarteak absolbitu gaitu jada»

Eleak mugimenduak aste osoan zehar Donostiako Zuloaga plazan gorpuztu duen Aske gu- neak ateak itxi zituen atzo. Bost egunez, demokrazia eske, hamaika ekimen izan dira Zuloagan. Besteak beste, «Bateragune auzian» epaitzen ari diren Rafa Diez, Txelui Moreno, Amaia Esnal eta Mañel Serra izan ziren bertan.

p007_f02_250x092.jpg

Amaia ZURUTUZA

Madrilen «Bateragune auzian» epaitzen ari diren zortzi euskal militanteen izenean Rafa Diezek eskerrak eman zizkion atzo Eleak mugimenduari aste osoan zehar Donostiako Zuloaga plazan muntatu duen topalekuagatik. Bertatik igaro diren euskaldun guztiak ere gogoan izan zituen. Izan ere, epaiketa hasi zenetik Audientzia Nazionalean izanagatik, «euskal herritarren berotasuna eta elkartasuna» sentitu dituztela baieztatu zuen Diezek.

Epaitegiek hartzen duten erabakia hartuta ere, «gu absolbituak sentitzen gara, euskal jendarteak absolbitu gaitu jada, epaiketa honi erantzun eta apustu politiko berria babesten duen jendarteak», esan zuen LABeko idazkari nagusi ohiak.

Era berean, epaiketa honetan akusatuen aulkian Estatu espainola bera eseri dela azpimarratu zuen, «demokratikoki proiektu independentista bat onartzeko duen gaitasun ezagatik». Partida honen arbitroa zein den aintzat hartuta, ordea, erabaki judiziala zein izango den ezin dela jakin ohartarazi zuen.

Zentzu horretan, Euskal Herrian aro politiko berria ireki dela argi eta garbi dagoela nabarmendu zuen, baina Estatu espainolak, «errepresio politikan ainguratuta» dagoenez, «betiko eskubide urraketei» eusten diela. Hala ere, «geldiezina» den prozesuak Estatu espainola ere mugiaraziko duela baieztatu zuen. Azkenik, etorriko diren «probokazio eta muga» guztien aurrean, Euskal Herriaren etorkizun berriaren eraikuntzan jendarteak protagonismoa hartu behar duela aldarri- katu zuen, «inork itxaropena eta etorkizuna kendu ez diezazkigun».

Ekitaldia bukatu bezain pronto astean zehar artista talde batek Zuloaga plazan bertan egin duen margolanaren aurkezpena egin zen. «Il Quarto Stato» margolan ezagunaren erreplika osatu dute margolariek, hain zuzen ere, «menpekotasuna onartzen ez duen herria islatzen duen koadroa». Nestor Basterretxeak hartu zuen parte aurkezpenean. Dantzekin eta bertsolariekin amaitu zen atzoko ekitaldia, baina gero arte bat izan zen. Izan ere, Eleak mugimenduaren asmoa gisa honetako ekimenak iraunkorki egitea da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo