GARA > Idatzia > Kirolak> Futbola

«Aurten bizi izan ditut nire kirol bizitzako unerik politenak»

p031_f01_97x120.jpg

Mikel Saizar

Guadalajara futbol taldeko atezaina

Mikel Saizar pozak txoratzen dabil, eta ez da gutxiagorako. Realetik joan zenetik maila oso ona eman du, baina aurtengoa handia izan da. Denboraldia hastear zela heldu zen Guadalajarara. Hasieran jokatzen ez bazuen ere, Terrazas aulkira heltzean titular postua bereganatu zuen; azkenean, gainera, taldeko ikurretako bat bihurtu da. Horrez gain, ia ezinezkoa zirudienean, Bigarren A Mailara igotzea lortu du bere taldearekin.

Jon LEUNDA | DONOSTIA

Mikel Saizar atezain gipuzkoarrarentzat urte bikaina izan da aurtengoa, Guadalajara taldearekin Bigarren A Mailara igotzea lortu baitu. Bere kirol bizitzako unerik politenak bizi izan ditu Gaztela Mantxako lurretan.

Nola bizi izan zenuen Mirandan lortutako igoera?

Nire kirol bizitzako unerik politena izan zen. Han zeuden nire neska laguna, nire ama, familia guztia hurbildu zen Mirandara, eta denok emozio handiarekin bizi izan genuen. Egun gogoangarria izan zen.

Joaneko partida etxean galdu zenuten, eta itzulerakoan ere azkar hasi zineten galtzen. Ez al zaizu iruditzen gauza oso zaila egin zenutela?

Bai, bai, segur aski gutxitan errepikatuko dira horrelakoak. Etxean 0-1 galdu eta kolpe handia jaso genuen. Aste osoa beraiek baino gutxiago ez ginela eta lortu genezakeela pentsatuz pasa genuen, baina Mirandan berehala hartu genuen gola. Uste dut orduan askatu ginela. Igoera lortuta ikusten zuten beraiek, eta, guk, aldiz, dena galduta. Orduan baina gure benetako jokoa agertu zen, eta egoerari buelta eman genion.

Nolakoa da taldeko euskaldunen arteko giroa?

Oinatz Bilbao eta biok gaude. Pisukideak izan gara, eta sekulako harremana izan dugu, oso lagunak egin gara. Bikain konpontzen gara.

Entrenatzailea ere, Carlos Terrazas, euskal herritarra da. Nola konpondu zarete berarekin?

Taldea Bigarren A Mailara igotzearen ardura guztia berea da. Liga beste entrenatzaile batekin hasi genuen, baina gauzak gaizki joan ziren. Taldeak ez zekien zertara jokatzen zuen. Carlos zazpigarren jardunaldian heldu zen, eta Bigarren A Mailara igoko ginela esan zuen. Batzuk erotzat hartu zuten, eta beste batzuk harrotzat; kritikak ere jaso zituen, baina emaitzak berehala hasi ziren heltzen, eta berak agindutakoa bete du.

Zu ez zinen titular hasi, baina Terrazas heldu zenetik beti jokatu duzu.

Horrela da. Esan behar da nik taldea berandu topatu nuela, liga hasteko bi egun besterik falta ez zirela; hori dela eta, beste entrenatzailearekin ez nuen jokatzen. Terrazas etorri zenean segidan jarri ninduen, eta gauzak oso ongi joan zaizkit; oso gustura nago.

Guadalajaran jarraituko duzu?

Beste urtebeterako kontratua daukat eta oso gustura nago. Jendeak ere asko maitatzen nau, eta leku batean maitatua sentitzea oso garrantzitsua da. Ni oso pozik nago Guadalajaran, eta, gainera, heldu den urtean Bigarren A Mailan jokatu behar dugu, eta hori ere oso kontutan hartu behar da.

Nolako lekua da Guadalajara futbolean aritzeko?

Oso ona. Jendeak asko jarraitzen du taldea, baita kanpoan ere. Hau hiriburu txikia da, ez dago gauza askorik, eta futbolarekin txoratzen daude, emaitzak ere oso onak izan baitira.

Eta bizitzeko?

Oso leku erosoa da. Etxetik ez dago oso aparte, eta leku lasaia da. Gero, Madril ere oso gertu dago; autoz ordu erdi batean bertan zaude.

Beraz, jokalari euskaldunentzat leku gomendagarria da, ezta?

Dudarik gabe. Hau talde apala da, ez dute dirutza ordaintzen, baina agindutakoa beti betetzen dute, eta, gaur egun futbola dagoen bezala, oso garrantzitsua da hori. Hemengo eskaintzarik jasotzen badute dudarik ez izateko, etortzeko esango nieke, pena merezi baitu.

Realetik atera zinenetik hau izan al da zure talderik gustukoena?

Beno, Pontevedran ere hiru urte eman nituen, eta, egia esan, oso gustura egon nintzen. Bigarren A Mailarako bi igoera fase jokatu genituen, baina ez ginen igo; pena horrekin geratu nintzen han. Iaz, Leonen, gauzak ez zitzaizkidan ongi joan, taldea ere ez zen ongi ibili, eta azkeneko unean lortu genuen mailari eustea. Aurtengoa, berriz, oso polita izan da, dena primeran joan da.

 
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo