GARA > Idatzia > Kultura

Eszenak

Herriko kaleak eta hondartza atze-oihal izanik, ostiralean hasiko da Lekeition antzerki jaialdia

Nerea GOTI | BILBO

Lekeition dena prest dute ostiralean atze-oihala jasotzeko; metaforikoki behinik behin, hiru egunetan izango diren ikuskizun guztiak kalean izango baitira, eta hondartza ere agertoki izango da.

Udalak antolatzen du 22. Nazioarteko Kale Antzerki Jaialdia eta Aittitta Txiki kultur elkartearen laguntza du. Atzo, Bilbon egin zuten aurkezpenean, antolatzaileek nabarmendu zutenez, «kaleko artegintzaren brankan aitzindaria izateaz gain, nazioartekoa ere bada», Japonia, Eskozia edota Herrialde Katalanetako konpainiak biltzen baititu.

Egitarauari ekiteko, ostiralean, magia, mimoa eta clowna uztartzen dituen Ojarius konpainiak hartuko du plaza. Japoniarrak dira eta «Strange Japa-nese Show» antzeztuko dute. «Mediterraneoko usadioa» zuzenean eskainiko dute Castelloko Scura Splats taldekoek, «Disco Death-Correfocs» lanarekin, eta Eskoziatik, «umore musikala» egiten duen Chicoplatas konpainia etorriko da, «Gentlemen of the road» aurkeztera.

Euskal Herriko sormenak ere izango du tokirik. Deabru Beltzak konpainiak «The wolves» dakar; Eidabekoek, «Kanpanolue 11 salto gehiago» umeentzako berbena; eta Trapu Zaharrak-ek, «Camping Renove»-ren errealitate absurdoa.

Jaialdiak badakar ikusmina piztu duen beste ikuskizun bat ere. Joseba Sarrionaindiaren olerki musikatu ezagunak oinarri hartuta, Dantzaz konpainiak «Sarritsasoa» dantza koreografia sortu du beste berezitasun batekin; izan ere, Isuntzako hondartzan bertan egingo dute, ostiralean eta larunbatean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo