GARA > Idatzia > Kultura

ERREPORTAJEA

Udako kantua... edo euskal uda dantza

Udako gau laburretan behin eta berriro aditzen den leloa dugu «udako kantua», hona sareratu nahi duguna, Zea Mays taldearen «Negua joan da-eta» atzeregi gelditu baitzaigu -udaberria izan da tartean-. Bada gurean udako kanturik euskal uda dantzara bideratuko duenik... ala kantu hauek arrotzak zaizkigu gurean?

p046_f03_55x84.jpg

Anartz BILBAO | BILBO

Udan murgilduta eta jaiak nonahi ditugun honetan, akaso demode dagoen udako kantuaz galdezka hasi gara; eta zertaz ari garen zehazte aldera, Amaiur plaza taldeko abeslari izan zen Naroa Gaintza, Esne Beltzak taldeko soinu jotzaile den Xabi Solano eta Gaztea irratiko esatari eta disko jartzaile Oihan Vegarengana jo dugu; euskal uda dantza hobeto ulertzeko.

Baina... zertaz ari gara udako kantuaz ari garenean? Gehienok kontzeptua festa eta dantzarekin lotzen dugulakoan, Naroa Gaintzarengana jo dugu aurrena kontua argitzeko asmoz. Gaintza Amaiur plaza taldearen abeslaria izana da, eta Euskal Herrian batetik bestera makina bat erromeria eskainia.

Udako kantua aipatu orduko, honakoa aitortu digu deustuarrak: «`Boom' eta antzeko kaseteak datozkit gogora». Erdaretan emandako udako kantuek nolakoak izan behar duten ere azaldu digu: «Udako kantuak pegadizoa, gai aldetik ahalik eta hutsal edo zatarrena izan behar du. Musika aldetik, berriz, sinplea eta jende askorengana erraz heltzeko egina». Konposatzeko orduan, «erritmo freskoa, letra errepikakorra; eredu bat jarraitzea baino ez da udako kantua egitea; baina arrakasta izatekotan entzuleak du azken hitza».

Oihan Vega kazetari eta disko jartzaile ezagunak ere -bergararra musikaria ere bada, Belceblues taldean bateria jotzen du-eta- antzera definitu du «udako kantua» kontzeptua. «Zalantzarik gabe kantu arina da. Festarako egina eta pentsatua, erritmo finko erraz eta errepika inozo eta pegadizo batekin, bere helburu bakarra ondo pasatzea delako, eta, oro har, normalean zuzenean edo zeharka, sexuarekin zerikusia izan ohi duen kantua da». Eta gainera, bere esanetan garrantzitsua den gomendio interesgarri bat eman digu gaia ondo kokatu ostean: «Ezin da sekula udako kantu bat parranda batetik kanpo entzun (kar, kar). Osasunarentzako kaltegarria izan daiteke».

Udako kantu hauek, Gaintzaren ustez, ez dute biderik egin gurean, baina antzeko arrakastaz entzun izan direnen artean Alaitz eta Maiderren «Emoiztazuz musutxuek» kantuaz edo triki-pop garaiez oroitu da. Amaiur plaza taldeari dagokionez, plazara agertzeko orduan, «lehenengo eta behin taldearen gustukoak ziren kantuak jotzea eta hauek jendearen onarpena izatea zen irizpidea», eta, ezinbestekoen zerrendan, «Sarri, Sarri» edo «Txanpon baten truke» izendatzen ditu. Alta, ez du uste horiek udako kantuak legez uler daitezkeenik. «Klasikoak dira, `Lau teilatu' edo `Aitormena' bezala. Ez du zerikusirik gauza batek bestearekin».

Xabi Solano musikariak ere iritzi bera du. «Alde horretatik ere ezberdinak gara, eta, hala, Euskal Herrian ez da udako kanturik» dio, zalantzarik agertu barik. Esne Beltzak taldeko gidariaren ustez, komunikabideak saiatzen dira gehien arrakasta izango duen abestia aurkitu eta bultzatzen, baina kantuetan ere bada ezberdintasunik. Espainian, esaterako, «abestirik kutreenak izan ohi dira -Eurovisionen parte hartu zuen Chiquilicuatrez oroitu da-, eta horregatik egiten zaie mespretxu, entzun eta barre ugari egiten dugun arren. Gurean, aldiz, Berri Txarrak-en kantu bat izan daiteke». Izan ere, entzulearen gustukoa bada, berdin da zein estilokoa den.

Gaintzaren ustez ere euskaldunak ezkor agertzen gara udako kantuaren aurrean, nahiz eta behin edo behin denok dantzatu ditugun parrandan. «Gainera, txosnetan ere beti kantu berberak entzuten ditugu, eta kantutegia berritu beharko genuke».

Udako kanta sonatuen artean, «Mayonesa» (Uruguaiko Chocolate taldearena), «Saturday Night» (Danimarkako Naan edo Whigfield-ena), «No rompas mi pobre corazón» (Mexikoko Coyote Dax-ena)... asko ditu akorduan, denak kanpokoak. Eta aitorpen txikiak egiten hasita, «Ingalaterran izan nintzen urtean euskaldunak eta espainolak zaku berean sartzen gintuzten. `Macarena' dantzatzea nahi zuten, eta `ez dut sekula hau dantzatuko' defendatzen nintzen ni», adierazi digu.

Gazteako esatariarengana bueltatuta, Vegari boteprontoan «Aserejé» (Las Ketchup taldearena) edo «Yo quiero bailar» (Sonia y Selena bikotearena) bezalako kantuak datozkio burura udako kantu legez, «gure entzuleek zuten adina nuelako nik garai hartan eta kantu haiekin iritsi zitzaizkidalako nire parranda handienak, neska kontuak eta udako rolloak... Oroitzapen ugari, herri ezberdinetako jaietan... guztiok dugu honelako kanturen bat, hura entzun eta oroitzapenen munduan murgiltzen garenak. Hori bai, lehen esan bezala, parranda batean ez bada, sekula ez nuke entzungo horrelako kanturik».

Kantuak kontu, Solanorengana itzuli eta «zalantzarik gabe multinazionalek sortzen dituzte udako talde eta kantuak, sarri musikari ere ez direnekin, baina telebista aurkezle edo realityetan parte hartutakoekin» salatu du. AEBetan edo inguruan ditugun estatuetan udako kantuek duten esparrua gurean Ibilaldiko, Herri Urratseko, Eskola Publikoaren Jaiko edo presoen aldeko kantuek ordezkatzen ez ote duten galdetuta, «izan daiteke -erantzun digu-. Asko entzun eta jendearengana heltzen dira. Musikalki askoz gorago gaude alde horretatik. Talde asko eta musika estilo ugari egiten da, herriaren alde eta herriko arazoak kantatuz».

Puntu honetan, eta komunikabideak behin eta berriro udako kantuen erantzule eta bultzatzailetzat hartu ohi direnez, euskal irrati formulara jo behar dugu. Gazteako arduradunen esanetan, egia da nazioarteko hiruzpalau diskoetxe indartsuk artista jakin batzuen udako kantua bultzatze aldera hitzarmenak sinatzen dituztela, 40 Principales eta antzeko kateekin, esaterako. «Eta Gazteak sekula horrelako hitzarmenik sinatu ez badu ere, kantu horiek ezagun egin eta entzulearengana heltzen badira, jendeak guri eskatu egiten dizkigu, eta, beraz, irratian jartzera behartuta gaude. Berdin gertatzen da sanferminetan kantu bat behin eta berriro jarri eta jendearengana heltzen bada. Adi egon beharra dugu, eta entzuleak gustuko duenari erantzun».

Irrati formula euskaldunean Oihan Vega da Top Gazteako arduraduna. «Argi esan dezaket, kantu guzti-guztietan jendeak duela azken erabakia. Komunikabideok bideratzen saia gaitezke, kantu baten alde apustu egin dezakegu, baina azken filtroa jendeak jartzen du, ez badu funtzionatzen ez du funtzionatzen... eta kito. Ez dago formula zehatzik, publikoa ez da inozoa. Badaki zer gustatzen zaion eta zer ez».

Bergararrak dioenez, «artista askok marketinean dirutza ikaragarriak xahutzen dituzte, makina bat komunikabidetan kanpaina izugarriak egiten dituzte, euren kantuak bideratzen saiatzen dira.... Aldiz, formula jakin bat egongo balitz, oso erraza litzateke kantu arrakastatsu bat egitea, eta oso gutxik lortzen dute arrakasta».

Vega disko jartzaileak argi dauka kontua. «Musika musika da. Jendeak dantzatzen du? Funtzionatzen du? Zaleak eskatzen du kantua? Ba jarriko dugu. Eta gustatzen ez bada, ez dugu jarriko eta kito. Uste baino errazagoa da kontua. Beraz, Top Gaztean entzuleak bere kanturik gustukoenak bozkatzen ditu eta horren arabera osatzen dugu gure zerrenda, hau da, jendeak nahi duena entzuten du bere irratian, beraiek erabakitzen dute zer den bihar entzungo duguna. Horretan datza gure arrakasta».

Egun, «globalizazioa dela-eta», jarraitzen du Vegak, «herrialde guztietan kantu berberek dute arrakasta, baita Euskal Herrian ere, eta gehien entzun eta kontsumitzen diren kantuak Lady Gaga, Pitbull, David Guetta eta abarrenak dira. Hori bai, horiez gain, herrialde bakoitzak baditu bere taldeak, noski, eta gurean, Esne Beltza, Gatibu, Ken Zazpi eta Vendetta dira momentuko talde arrakastatsuenak -Gaztea eta 40 Principalesetako zerrendak alderatu eta euskal taldeak kenduta antzeko kantuak dira goi postuetan-».

Agurtu aurretik, abagunea baliatzeko asmoz, egun puri-purian diren erritmoen berri emateko eskatu diogu Oihan Vegari, sanferminetan gaur hasita zer dantzatuko dugun ezagutzeko. «Zalantza izpirik gabe Pitbull DJren «Give Me Everything», Dadee Yankiren «La despedida» eta Jennifer Lopezen «On the Floor» dira momentu honetan gehien entzuten direnak taberna, dantzaleku eta jaietan. Baita noski, Gazteako diskofestetan ere». Eta txosnetan, izango da XXI. mendeko kantu euskaldunik?

Del regreso de Alaitz eta Maider a la visita de Coldplay

«La canción del verano es en esencia algo eminentemente superficial, que logra pervivir durante toda una vida dentro de nosotros, aunque solo sea por ósmosis o como banda sonora adherida, porque casi todos olvidamos una cara, pero casi ninguno olvidamos un verano». Así definía la canción del verano David Trueba, recientemente en el diario «El País».

Del «Sueño su boca», del gasteiztarra Raúl (qué habrá sido de él, ¿os acordais?), al «Maite zaitut» de Pirritx eta Porrotx (tremendo pelotazo sónico en las txosnas de cualquier fiesta), casi todo cabe en el concepto `canción de verano'. Mientras el programa «Hoy empieza todo» de Radio 3 busca entre grupos indies menos festivos y más cultivados, con «Tell me something I don't know», de Herman Dune; «Ganas de Drama», de L-Kan; «Surfer's Hymn», de Panda Bear y «Fribourg», de The Late Call como candidatas; las listas de Los 40 Principales y Gaztea son casi idénticas (a excepción de Ken 7, Gatibu y Zea Mays, en la lista vasca), con significativo peso de Dj´s como David Guetta y, sobre todo, Pitbull.

Internacionalmente, la polémica ha surgido con el último single de Coldplay (mañana actúan en Bilbo), «Every teardrop is a waterfall», que remite sospechosamente al «Ritmo de la noche» de Mystic (otra canción del verano indispensable revisada). En casa, Beñat Sarasola abogaba en «Argia» por la vuelta de las reinas del trikipop, Alaitz eta Maider, en un formato tan cool como «performing first Lp» (está de moda que bandas míticas del pop se reúnan para interpretar íntegramente su disco más recordado). Según el poeta, sería la única manera de que artistas euskaldunes pudieran hacer frente a Shakira y al reggaeton. El lema: «Alaitz eta Maider, itzul zaitezte».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo