GARA > Idatzia > Euskal Herria

Gabi Mouesca Senatu frantseseko bozetan hautagai izango da

Zurrumurrua zena atzo baieztatu zuen Gabi Mouescak: irailaren 25ean Senaturako bozetan hautagai izango da. Teresa Halsouet bere ordezkoarekin batera hautagaitzaren nondik norakoak azaldu zituen. «Inongo alderdiren babesik gabe» aurkeztuko da ezker abertzaleko kidea. «Ideia, balio eta proposamen ezkertiar eta abertzaleen bozgorailu» izateko hartu du erabakia. «Euskal Herriaren eta herritarren funtsezko interesen defentsa» du helburu behinena.
p012_f02_098x129.jpg

Arantxa MANTEROLA |

Gabi Mouesca euskal militanteak irailaren 25ean egingo diren Senatuko hauteskundeetara aurkeztuko da. Atzo, Baionan, berak aitortu zuen moduan, hautagaitza «ez da ezustean» etorri, Ipar Euskal Herriko hainbat hedabide eta gunetan aspalditik entzuten baitzen aukera hori. Bere ordezko Teresa Halsouet Urruńako zinegotzi abertzalearekin batera azaldu zituen erabakiaren arrazoiak eta hautagaitzaren xedeak.

Ezker abertzaleko kide dela esanda, lehenik eta behin, «Euskal Herriaren aldeko eraikuntzaren dinamikan» azken 30 urteetan izandako engaiamendua eta ibilbidea agertu zituen.

Bere hautagaitza «independentea» dela argi utzi zuen: «Ez dut inongo alderdiren sostengurik. Ez dut eskatu ez laguntza, ezta baimenik ere. Herri honetan inoren baimenik gabe herritar askok bere kontzientziak agindutakoaren arabera hartu izan ditu engaiamenduak eta neuk ere nire kontzientziari jarraiki hartu dut delibero hau».

«Bozgorailu»

Hortaz, Mouesca «herritar gisa» aurkeztuko da balio, ideia eta proposamen abertzale eta ezkertiarren «bozgorailu» izateko helburuarekin. Sinetsita dago, gainera, abertzale ez diren herritar ugarik ere bat egiten duela bere ideia nagusiekin, hiru ildotan laburtu zituenak.

Batetik, egungo finantza krisiak agerian jarri duen «sistema ekonomikoan eta politikoan aldaketaren beharra» dagoela-eta aldaketaren baldintzak sortzeko lan egingo du. Bestetik, Ipar Euskal Herriarentzat «erabakitzeko, legeak egiteko eta fiskalitate ahalmenak izango dituen autonomia gisako estatusa» lortzeko obratuko du. Azkenik, «abiatu den bake-prozesuaren alde, ahalik eta indar gehien biltzeko jardungo du, «bake zuzen eta iraunkorra bilatzea urgentziazko betebeharra da hautetsientzat eta herritarrentzat ere».

Deia hautetsiei

Senatua «gaurko sistema politikoaren demokrazia eza islatzen duen erakunde hertsia» izaki, sistema hori aldatzeko premia aldarrikatuko du da Mouescak bere kanpainan.

Bozkatzeko ahalmena duten Departamenduko hautetsi guztiengana zuzenduko da, lehen itzulian dituzten hiru aukeretatik bat, «Euskal Herriko interesen defentsan arituko den gizon baten aldekoa izan dadin».

ESTREINUA

Hamazazpi urte espetxean egin ostean, duela hamar atera zen Mouesca, «baina ez erabat libre». Izan ere, datorren uztailaren 13an berreskuratuko ditu bozkatzeko eta hautagai izateko eskubide politikoak, Senatura aurkeztuz estreinatuko dituenak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo