GARA > Idatzia > Mundua

Ontziko makinen burrundada eta aldarriaren premia

 Iluntzea Kalynpari herritxoko portuan. Gernika ontzia hustu egin da. Kapitaina, armadorea, marinel profesional bakarra eta lau bolondres geratu gara karel artean, jagole eta zaindari. Honez gero gure zeregina ontzia bere Sargazo Itsaso partikularretik ateratzea da. Zera, ahaleginak eta bost egitea Greziako Agintaritzak itsasoratzeko haizua eman diezan.

p020_f03-148x76.jpg

Edorta JIMENEZ Idazlea

Arrastia besarkaden eta musuen erritual nire iritzirako larregizkoan eman dugu. Arratsaldea berriz aldarri egiteko baliatu dugu. Free Palestine! Branka aldean dugun kostazainari ziria sartzearren izan da, beharbada.

Beharbada, bai. Nolanahi ere, nik neuk izan ezik beste inork ez du gure ontziko Carterpillar makina bien burrundada behin bederen aditu barik alde egin nahi izan. Ontziko azken batzarrean erabaki da deabruaren makinon zarata aditzea. Ulergarria. Zazpi egunez izan gara zalantzan, Gernika izeneko ontzirik ba ote ez ote, eta izatekotan ere non den jakin ezinik. Etorri gara, ikusi dugu, ontziratu gara eta halako batean elkarri agur esaten hasteko tenorea iritsi delarik deabruaren ahotsa aditzeko gogoa egin zaie. Gazarako bidean hiru egunez haren baitan bizi izatea zen-eta plana.

Ba makinak piztu baino ez eta horra kea. Ontzia puzkadaka. Berrogeita hiru urte gazte den burdinazko izaki gorraren erantzuna, barrena askatuz bezala emana. Munstroaren mintzoa, haserrea. Kostazainekoek, izuturik, Erria! aldarrikatu bide dute, ontzia maniobratzeari ekin baitiote. Shane gure kapitaina beste kapitainari zuzendu zaio, besoak astinduz, airean X letra behin eta berrio idatziz. Ez goaz inora! Kostazaineko marinelek, aurpegia artean zurbil, mezua aditutzat jo dute. Txopako estatxa atzera bere lehengo lekura. Eta kostazainaren keak, horiek bai kedarra, gureekin nahastu dira. Aldarri egiten utzi digute. Gure arteko batzuk nasara jaitsi dira, pankartak eskuetan, Free Palestine! dioten kamiseta berdeak jantzita. Aldarri egiten segitzen utzi digute, kazetarien aurrean, nahiz eta kostazainaren ate-ateraino etorri. Sinestuko didazue polizia gehiago noiz etorriko lotu naizela, ikaraz. Aldarri egin dut, hala ere. Ahul. Kakati hutsa.

Nago eurek ere ulertu dutela gure zarata premia, aldarri egiteko halabeharra. Kristauak dira hemengo gehienak, hala greziarrak nola espainiarrak. Ateoa ni, halako zeremonien premiarik barik bizi naiz.

Ontziko beste guztiak joandakoan gure kapitainak kostazainekoari adeitasunezko bisita egin dio. Irriak, bostekoak eta rollo ona. Itsastarren legeak. Horrexeri esker jakin ahal izan du, bat, kostazaina jatorriz irlandarra dela, bi, konponketan premia larrian dela eta, hiru, horretarako dirurik ez dagoela. Hiru xehetasunok ontziko txopan rakia hartzen ari garen artean kontatu dizkigu. Bion artean laugarren xehetasun bat adostu dugu. Ontziaz. It's a nice boat. Bote politta da. Eta raka rakia.

Rakia hemengo pattarra da. Zuria. Hotz hartu beharrekoa, bestela kakazaharra. Ez ei du biharamunik uzten. Bo, nire kasuan kendu ei hori. Gernika ontzian ez alkoholik ez eta legez kanpoko psikotropikorik ez sartzea zen asmoa. Abiatuz gero bete beharrekoa. «Abiatu bai, alkoholik ez» leloko hitzetako bat lekuz aldatu digutenez gero, beste bat aldatzea ebatzi dugu. Gure erabakimen askatasunaren izenean aldatu ere. «Zerera ez? Ba, zera bai». Ez da Ontziko Batzarrean hartutako erabakia izan. Iluntze honetako gozoak berez ekarri duena baino. Eguzkia horko lehor-muinoaren atzean ostentzean ohartarazi digu kapitainak; Those yellows, every kind of yellows. Horia, larua, beilegia, azken eguzki argiaren ñabarduraz. Turner margolariaz galdetu diot. Kapitainari. Turner? Jakina. Hark akuarelak erabiltzen zituen, neure moduan. Horra ba. Kapitaina, artista. Eta plazereen zalea. Bazkalostean, besteok batzarturik izan garen artean, bera doi-doi zapitxo bat jantzirik ikusi dut, eguzkitan. Oihal zatia non eta norberaren gorritasuna gorrien bilakatzen den alde horrexetan, bai.

Artista kapitaina, afalostean anaia musikaria duela esan digu. Eion Dillon, Kila folk taldekoa. Aditu beharrekoa taldea. Gaelikoz. Bide batez esanda, Shanek berak gaelikoa du jatorrizko hizkuntza eta horrexetan hitz egiten du Dublinen-edo dagoen irratiren batean, ez dit zeinetan esan. Ez naiz ausartu izena galdetzera. Lehenago, Eskerrik asko! gaelikoz zelan esaten den galdaturik eman didan erantzuna errepikatu nahi izan dut eta, putz.

Gaueko lehenengo eltxoa, ilunaren mezularia argitasun bila. Idatzi, edan, aditu, edan, aditu, idatzi, hiruretara jarduteari uzteko tenorea. Idazteari utzi behar diot ba.