GARA > Idatzia > Kirolak> Txirrindularitza

Kaosa

Markel IRIZAR I RadioShack taldeko txirrindularia

Kaixo lagunok. Seguruenik gaur Ametsen zutabearen zain egongo zineten, baina berriz ere eguna zapuztu digu zoritxarrak. Batzuek pentsatuko duzue «depre» bat naizela, edo mentalitate ezkorrarekin nagoela, baina azken aste hau sinesgaitza izaten ari da niretzat, eta apur bat morala ere ikutzen hasi zait.

Orain dela egun gutxi arte pelotoian berriketan eta solasean nituen kideak, hau da, Iban, Amets, Janny, Chris edo Beñat, jada etxean dira beren hezurrak hautsita. Gaurkoa, berriz ere etapa kaotiko bat izan da. Amets, Haimarrekin batera erori da, eta zoritxarreko berria Johan-ek eman dit, «Markel, Haimar: Txurruka abandona!!». Hurrengo mendatean, izugarrizko sarraskia egon da jaitsieran, eta Vino eta Vdb etxera joateaz gain, Klodi erori egin zaigu, eta orain ospitalean dago zerbait apurtuta ote daukan errezeloarekin.

Bihar atseden eguna da eta eskerrak horri! Batek baino gehiagok aste honetan gertatu denari buruzko hausnarketa sakona egin beharko luke. Gure osasuna babesteko kontrol pila bat egiten omen dituzte, eta nire galdera da, ia errepide eta lasterketa modu hau ona al den gure osasuna babesteko. Ona al da telebistako autoak txirrindulariak aurretik eramatea? Ala motor batekin Sorensen bota eta bere bizikleta motorretik zintzilik ia kilometro bat eramatea?

Argi dagoena, euren zirkuko pailazoak garela. Eta gure arriskuaren kontura egin nahi dituztela euro pila handiak, eta gure osasunak ezer gutxi axola diela. Triste eta penatuta nago, baina suposatzen dut etxean ditudan lagunak okerrago daudela euren hausturekin.

Besterik ez, bakarrik asko sentitzen dudala zuei gertatutakoa. Eta ia Ametsena behingoz azkena den. Sentitzen diat Txurru! Ez zekiat jada ze gehiago esan, hain izan duk-eta txarra hik eta Velasek edukitako zortea! Zaindu hadi. Besarkada bero bat, eta asko gustatzen zaidan abesti batek esaten duen bezala: haika mutil, jeiki hadi!!

Laster arte.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo