GARA > Idatzia > Iritzia> Jo puntua

Xabier Silveira Bertsolaria

Ez dira pasako!

Bide baketsuak erabiliz, Espainiari aurre egiteko dugun gaitasun eta gogoaren erakusgarri aparta izan daiteke Espainiako Itzuliaren etorrera, baldin eta benetan gogo eta gaitasun hori baldin badugu, noski

Gogoan dut Tourra Donostian hasi eta Lesakatik igaro zeneko eguna; sanferminak, kristoren jendetza gaupasaz, guardia zibil txapel okerrak bekainetaraino jarrita eta txirrindulariak plantoan Aritxulegitik datorren errepidea ez zelako ez bide ez ezer. Eta hori aste batzuk lehentxeago asfaltatu zutela! Ordukoa da «Hau ez da Espainia ezta Frantzia ere!» leloaren zabaltzea errate baterako.

Hain zuzen ere, Tourra korritzen ari diren egun hauetan zabaldu da Espainiako Itzuliak Euskal Herrian egin asmo duen desfile kolonialari erantzuteko dagoen beharra eta asmoa. Irailaren 9an sartuko da Vuelta Euskal Herrian eta biharamunean Bizkai, Gipuzkoa eta Araba zeharkatuko ditu Bilbon hasi eta Gasteizen amaiera izanen duen etapa batekin. Ajuria Enean gutxiengo osoa duten bi alderdiek bultzatutako umilazio berri bat; holakoak dira espainiar faxistak, sasipeko masustak: ez izan eta bai uste. Eta gu ere beraien sasipean nahi gaituzte. Bada, doazela pikutara beraien piperpoto eta guzti!

Guk pairatzen dugun bezalako kolonizazio gerra modernoetan, aspaldiko haietakoen oso bestelakoa da garai berriotako gerra tresneria. Hiriak setiatuz lurraldearen jabe pixkanaka egiten doazenak ez dira jada ehunka edo milaka unitatez osatutako batailoi militarrak, zeinak beraien presentzia soilaz inbaditua inbaditu sentiarazten duten; ez. Gaurko egunean, izan kirol ekitaldi zein kultur ekintza bat, dela telebista saio bat edo zezenketa bera, detailerik txikieneraino diseinaturiko estrategia baten barrenean kokatu beharrean gaude, bai behintzat gertatzen zaiguna gertatzen den bezala ulertuko badugu eta ez beraiek nahi duten eran.

Ez gara espainolak, oraindik ez behintzat; euskaldunak gara, nafarrak. Mendeetako historia odoltsuak bide berri eta itxuraz atzeraezina hartu duen honetan, gure garaia bizitzea tokatzen zaigun aldetik gure historiari eransteko zatia egin beharko genukeelakoan naiz, ez baitut uste instituzioetan maillot horia jantzita bizitzeko aukera handiak dauzkagun arren hori bere horretan eraginkorra izanen denik kalean hauspoak haizerik eragiten ez badu. Ez da independentzia gudari irtenbidea emateko irudimenari aipu egiten diodan lehen aldia, eta ez naiz hori egiten duen lehena ere. Hori bai, aitzakiak bukatu ziren. Herri honen duintasuna, izaera eta askatasun grina argi eta garbi adierazteko eguna izan behar du datorren irailaren 10ak. Ez diezaiegun pasatzen utzi. Izan gaitezen, gaiztoak baino, bihurriak. Denak balio du; edozer gerta daiteke egun horretan. Agian errepide bazterreko soroan dauden behiek ataka zabalik aurkituko dute, agian lasterketa Iurretatik pasatzen den ordu berean beste txirrindularitza karrera bat aurkituko du parez pare, errepidea garbiezina den olioz oratua azalduko da goizez edo Kanpazar gainean kontzertua egongo da arratsalde osoan zehar. Zer dakit ba nik, zuek zarete gauza horietan abilak zaretenak.

Bide baketsuak erabiliz, Espainiari aurre egiteko dugun gaitasun eta gogoaren erakusgarri aparta izan daiteke, baldin eta benetan gogo eta gaitasun hori baldin badugu, noski.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo