GARA > Idatzia > Kultura

«Nik euskal musika maite dut» aldarrikapena festen bihotzean

Etxarri Aranazko Karrikestu eta Euskal Herrian Euskaraz elkarteek, musika erdaldunaren «birusari» aurre egiteko erronka hartu dute. Horrenbestez, kontzientziazio kanpaina burutu dute jaiei begira, eta, besteak beste, 22 euskal abesti biltzen dituen diskoa banatu dute festa guneetan.

p054_f02.jpg

Iosu GANUZA | ETXARRI ARANATZ

Euskal Herriko hainbat txoko bezala, Etxarri Aranazko festa gunea ere «birus» larri batek kutsaturik zegoen: musika erdalduna eta komertziala zen nagusi. Egoera ikusita, herriko Karrikestu eta Euskal Herrian Euskaraz elkarteek neurriak hartzea erabaki zuten «Festetan de ein ziaun euskal musikan alde. Nik euskal musika maite dut» iniziatiba martxan jarriz.

«Etxarriko festetan tabernetan jartzen den musika ez da euskalduna, abesti gehienak gazteleraz edo ingelesez dira», azaldu digu proiektuaren partaide den Joseba Beltzak. Baina ostatuak ez dira «kutsaturik» dauden bakarrak, birusa «txosna, gaztetxe eta karpara ere iritsi da». Gainera, Josebaren ustez, «gune horietan entzuten zen euskal musikak zaharberritzea behar zuen». Hori dela eta, «kezka sortu zitzaigun eta egoerari buelta eman behar zitzaiola ikusi genuen», nabarmendu du ekimeneko beste partaide batek, Artzai Iraugik.

«Txerto moduan», taberna, txosna, karpa eta barraketan euskal abestiak biltzen dituzten CD eta musika fitxategiak banatu dituzte. «Diskoak 22 abesti ditu eta pen-drive-ak erabiliz banatutako fitxategiak 160 abesti inguru», nabarmendu dute. Aukeraketa egiteko, «egun pil-pilean dagoen euskal musikaren eta herriko hainbat talderen kanten alde» egin dute. Diskoa prestatzeko DJ Bull-ek eskainitako laguntza eskertu nahi izan dute ekimeneko kideek, baita hedapenean Udalak egindako lana ere. «Barraketako arduradunei Udalak berak eraman die guk prestatutako diskoa, jar dezaten eskatuz», jakinarazi du Josebak; «gainera, haurrentzako musikaz osatutako CDa ere banatu die», gehitu du.

Multimedia euskarriez gain, diptiko bat ere banatu dute kontzientziazio kanpainaren barnean. «Bertan, rap moduan ematen diogu jakitera jendeari egoera». Horrez gain, prestatutako diskoa salgai ere jarri dute bost euroko prezioan. «Gure asmoa lortutako diruarekin ekoizpen eta inprimatze gastuak ordaintzea da», argitu du Joseba Beltzak. «Kutsatutako» guneen harrera momentuz ona izan dela esan dute Artzai eta Josebak; hori bai, «erantzuna ikusteke dago oraindik ere».

Herritarren artean ekimenak harrera ona izan du. Jon Garziandia eta Adur Maiza herriko gazteek nabarmendu bezala, «bazen garaia 40 Principales edo Euskadi Gazteko musikari aurre egiteko».

DISKOA

Guztira 22 abesti biltzen dituen diskoa prestatu dute «modan dauden euskal kantekin eta herriko taldeen kantekin». Besteak beste, Gari, Gwendal, Zea Mays eta Tximeletaren kantak biltzen ditu, eta, festa guneetan banatzeaz gain, bost eurotan jarri dute salgai.

DIPTIKOA

Horrela hasten da prestatu duten diptikoan jasotako rapa: «Euskal musika eta festak, argi-ilunak eta kezkak, hitz egitea nahi, entzuterik bai? Gustuak dira errespetagarriak, hangoak, hemengoak, zaharrak, berriak; euskal musikarekin & ez!»

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo