GARA > Idatzia > Kultura

«Herrietako dendek krisi gogorra bizi dugu»

p048_f01.jpg

Mikel PASTOR | LAUDIO

Ilea aspaldi urdindu zitzaion, eta adinak ematen duen lasaitasunarekin erantzun digu. «Supermerkatu handiak herrietako denda txikiekin bukatzen ari dira, krisi gogorra bizi dugu», dio dramatismorik gabe, naturaltasunez, ideia aspaldi onartu duen batek egingo lukeen bezala.

Nuñezek badaki zertaz ari den, berak lehen pertsonan bizi izan baitzuen aspaldi nekazaritzaren krisia ere. «Zelai eta baratzetan lanik ez zegoen, eta zenbait langile kaleratu gintuzten». Ez dira bakarrak izan azken urteotan: «Lehen sektorearen egoera latza da benetan, eta garai hauetan are zailagoa egin da mundu horretan tokia egitea».

Irribarrea ahoan kontatzen ditu Nuñezek garai horietako gorabeherak: «Bizkaiko uholdeak izan berriak ziren gu kaleratu gintuztenean eta horregatik lana aurkitzea nahiko zaila zen. Zeresanik ez bizitza osoan nekazari gisa soilik jardundakoa bazinen!».

Baina geure laguna ez da ez kikiltzen den horietakoa. Nekazal munduan harreman onak zituela baliatuz, eta berak ere baratze propioa zuela kontuan hartuta, denda zabaltzea erabaki zuen. «Modu batean edo bestean aurrera egin beharra nuen. Gainera, lagun ugari nituen nekazal munduan», gogoratu du.

Esan eta egin. Ugaon jarri zuen negozioa, berak maite duen nekazaritzari lotuta jarraitzeko. Eta ez da damutu: «Hasieran betiko duda-mudak izan nituen, jendearen erantzunak pixka bat beldurtzen ninduen». Baina, bere zorionerako, ezustekoa positiboa izan zen :«Bi aldeetatik jaso nuen babesa, bai kontsumitzaileen partetik bai kide ohien partetik». Azken horiek gogo onez hartu zuten Alfonsoren denda berria barazki eta fruituekin hornitzeko erronka. Nekazarien arteko elkartasuna ote?

«Nekazal mundua bukatzear da». Horren ziur eta krudel agertzen da gure protagonista etorkizunari buruz galdetzean. «Minifundiorako baino ez da saltzen, nekazal lur txikietarako», nabarmendu du Nuñezek.

Euskal Herriko orografia berezia oztopo bilakatzen da nekazaritzako: «Gauzak dauden bezala, nekazaritza ekonomikoki bideragarria izateko aukera bakarra industrialki ekoiztea da. Euskal Herrian ezinezkoa da hori, eta, horregatik, gaur egungo jarduera bigarren edo hirugarren mailakoa baino ez da».

Eta ekoizleak aldatu diren bezala, kontsumitzaileek ere euren joerak moldatu dituzte. Nuñezek ondo daki, eta apaltasunez onartzen du, bere jarrera ezkutatzen ez badu ere: «Prezioa eta kantitatea nagusi dira gaur egun merkatuan. Ez du axola produktuen kalitatea eskasa bada ere».

«Produktu biologiko eta naturalek eskaintzen duten kalitate eta zaporea ez dago supermerkatu handien eskura», baina, aldiz, produktu horiek «denbora eta pazientzia» eskatzen dute, eta «negozio azkarra» egiteko ez dira aproposenak. «Erosotasuna bilatzen da, eta, askotan, merkatal kate handiek kontsumitzaileari iruzur egiten diote. Gainera, kontsumitzaileak ohartu ere ez dira egiten», azaldu du Nuñezek.

Esandakoa argitzeko adibide deigarria erabili du Alfonsok. Kontatzen duen bitartean, barreari ezin eutsirik dabil, eta, egia esanda, ez da gutxiagorako: «Merkatal kate handi batera joan eta bi edo hiru mota patata eskaintzen zituztela ikusi nuen: frijitzekoak, egostekoak... Patata motari so egitean, aldiz, den-denak ziren Mona Lisa motakoak!».

Anekdota hutsala dirudi Alfonsok kontatutakoa, baina ez da hala: eguneroko errealitateak gogor kaltetzen ditu saltoki txikiak merkatal plataforma handien mesedetan. «Gobernuek babes neurriak hartzen ez badituzte, egoera are okerragoa izango da», ohartarazi du.

Elikagaiez gain, nekazaritza munduko materialak ere baditu salgai; «berritu beharra dago», onartu du. Hori bai, denboraren joanak aldaketa handiak ekarri ditu: «Hasieran astero saltzen nuen eskorgaren bat. Egun, aldiz, gehienez ere bizpahiru saltzen ditut urtean!».

Etorkizuna beltza da, baina, aipatu bezala, dramatismorik ez du nahi Alfonsok. Alaitasuna du gidari, beti izan duen lez: «Errealitatea ukatzea baino hobe da onartu eta naturaltasunez hartzea». Bizi filosofia argia. Gardena. Nekazaritzaren gainbeherak ez du jipoitu Alfonsoren bizipoza. Guztion pozerako, noski.

Fitxa

Nor: Alfonso Nuñez, Ugao (1953).

Lanbidea: 27 urte daramatza dendari gisa Ugaon. Aurretik, nekazaria izan zen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo