GARA > Idatzia > Kultura

KATE MOTZEAN: ASIER SERRANO

«Udan ez dut deskonektatzea lortzen»

p046_f01.jpg

Testua: Maddalen LARRINAGA       
Argazkia: Juan Carlos RUIZ | ARGAZKI PRESS

Asier Serrano idazleak ez du hondartza gehiegi maite, mendia nahiago du, baina proiektu zaharrak amaitzeko edo berriak hasteko erabiltzen du uda eibartarrak. Hala, irakasle lanak ematen dituen bi hilabeteko opor tarte hori lanean jarraitzeko erabiltzen du berak, mundu errealaz ahaztu gabe.

Udak iradokitzen dizun hitza edo adjektiboa?

Aspergura.

Eta usaina?

Belar bustiaren usaina.

Idazlea izanik, uda garaia liburu berriak sortzeko garaia duzu?

Bai. Hondartza gorrotatu egiten dut, eta idazlea izateaz gain, irakaslea ere banaizenez, baditugu bi hilabete tartean; aspertu ere egiten naiz. Proiektuak bukatzeko edo proiektu berri baten hezurdura egiteko erabiltzen dut.

Udako egunak ala gauak nahiago? Eta zertarako? 

Gauak. Ahal bada freskotasunean deskantsatzeko.

Hondartzan eguzkitan ala itzaletan ahal bada?

Itzaletan.

Hondartzan ala mendian?

Mendian.

MP3a ala irratia?

Ez naiz oso teknologiazalea eta irratia nahiago.

Egunkaria ala liburua?

Liburua.

Oporretan erabat deskonektatuta edo herrian zer gertatzen den zeharka begira egotea gustatzen zaizu?

Ez dut erabat deskonektatzea lortzen.

Telefonoa beti ondoan duzula ala noizean behin piztuz?

Gero eta gehiagotan itzali egiten dut, baina udan informatuta egotea gustatzen zait.

Inora oporretan joaten zarenean guztia ondo lotuta eramatea gustatzen zaizu ala inprobisatzen ibiltzen zara?

Inprobisatzea nahiago dut.

Maleta handiarekin ala txikiarekin?

Txikiarekin.

Argazki makinekin dena gordetzen duena ala memoriaz fidatzen dena zara?

Argazki makina eraman arren ez dut erabiltzen, baina alferkeria kontuagatik da.

Egin duzun oporraldirik bereziena?

Anaiarekin bi urtean behin egiten nituen bidaia luze horiek, oso urrunera bidaiatzen genuelako. Bereziena orain hamar urte Kilimanjarora egin genuena.

Egiteko duzun ametsetako oporraldia?

Ez dakit, baina udan ez izatea gustatuko litzaidakeela badakit; neguan nahiago nuke.

Udan huts egiten ez duzun urteroko zita? 

Ohiturak guztiz aldatuta ditudanez, ez dakit zer esan. Orain urtebetera arte behintzat, Bernedora joaten nintzen egun berdinetan urtero. Bertako udalekuetako begirale eta zuzendari izan nintzen eta adinean pasatuta egon arren, udalekuetara bisitan joatea gustatzen zaidan horietakoa naiz.

Uda perfektu hura gogorarazten dizun kantua?

Ez daukat udako kanturik, egia esan. Suposatzen dut asko errepikatzen delako eta urtero leku guztietan entzuten delako behin eta berriro «Lau teilatu» izango dela, baina ez berezia izateagatik.

Irakurri eta erabat harrapatu zintuen liburua?

Udako gripe bat pasatu nuen orain urte batzuk eta sendatu ondoren ere etxean gelditzen jarraitu nuen «Otto Pette» irakurtzen.

Euskal Herriko giro politikoa deskribatzeko erabiliko zenukeen fenomeno atmosferikoa?

Ez dakit nola esan. Eguzkia ostarteetatik ateratzen ari dela, baina oraindik ere itzalkin asko dagoela jarrita.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo