GARA > Idatzia > Kultura

Kronika | Monzon Pastorala

Larraineko mendiek aldarrikapen oihuak zabaltzeko aukera emanez

Telesforo Monzon handizki omendu zuten atzo Larrainen (Zuberoa). Hogeita lau jelkaldien bidez, bergararraren bizia, gaztetik hil arteko ibilbidea, azaldu zuen pastoralaren aitzineko emanaldia eskaini zuten. Lekuaren berezitasunaz gain, bertaratu ziren ikusleen parte hartze sutsua izan zen atzo deigarria. Hiru orduko saioak tente atxiki zituen Euskal Herri osotik hurbildutako ikusleak.

p040_f02_097x060.jpg

Ainize BUTRON


Abertzaletasunaren eta euskaltasunaren aldarrikapen gune baten itxura hartu zuen atzo Larrainek, “Monzon” pastoralaren lehenengo emanaldiaren bidez. Euskal Herri osotik etorritako 3.000 lagun inguru erakarri zituen bergararraren omenez Jean Bordaxarrek idatzitako obrak. Bertaratu bezain laster, pastorala emateko larraintarrek aukeraturiko gune ezin ederragoa goraipatu zuten ikusle gehienek.

Iratiko lepotik herrira gerturatu orduko agertzen ziren lauki baten antzera jarritako hiru jarleku erraldoiak.

Horien parean, berriz, erdi-erdian, oholtza ez ezik, Larraineko bista ederrenetariko bat preziatzeko aukera emana zen.

Lainopean, oholtza mendiz inguratuta ikusten zen, hiru orduko ikusgarriari so ziren bitartean, irudimena mendietan galtzeko aukera emanez. Ikusgarri gunearen gibelean, berriz, oihana eta Larraine herriko karrika eta etxeak ikusten ahal ziren.

Oholtza ohiko neurrikoa bazen ere, ikusleengandik hurbilago izate aldera ezponda artifizial baten gainean jarri zuten jokorako taulada, eta, bandera gisa, ikurrina eta arrano beltza zeuden, Zuberoako banderarekin batera.

Inguruaren edertasunak mendietan barna galtzeko gogoa ematen bazuen ere, hiru orduko pastoral horrek izan zuen ikusleen interesa mantentzeko edukia, eta, hein batean, borrokarako grina.

Pastorala hasi bezain laster, ikuskizunak emanen zuen itxuraren lehenengo irudiak azaldu zituen. Izan ere, Jean Lassalle diputatuak eta François Hollande frantses Alderdi Sozialistako buruak, bertaratu bezain laster, bertan zirenen oihu eta xistuak jasan behar izan zituzten. Ondorioz, isilik, bazter batean jarririk izan ziren ikusgarriak iraun bitartean.
Agintariei zuzendutako gaitzespen keinu horiek ikusgarriaren eduki politikoaren lehenengo irudiak eman zituen. Monzonen bizia bi hitzez laburbiltzen zuen lehen peredikuak jadanik ikusgarriaren kutsua ikustera ematen zuen: «Abertzale handietan izanen da haren historia, izan beita egiazko eüskaldun zerbütxaria».

Hogeita lau jelkaldiz osatua, Monzonen bizia, gaztarotik zahartzaro artekoa, urratsez urrats jarraitzeko aukera eman zen, beraz, atzo.

Bizia urratsez urrats

Gaztetan euskara hobetzen, politikan eman zituen lehen urratsak, ezkontza, diputatu garaia, gerla, erbestea, Donibane Lohizunen igarotako garaiak, Anai Artearen sorrera, Burgosko auziak, Francoren heriotza, Herri Batasunaren garaiak, askatasunaren martxa, eta, 1981ean Baionako ospitalean hil zenekoa agertu zituen pastoralak.

Bizitza urratsez urrats jarraituz, ikusleen partetik izan zen zer salatu eta oihukatu. Espainol guardia zibil eta agintariak izan ziren oihu gehien jaso zituztenak. Lehen txistuak Don Kasko espainiol turko batek Nafarroari buruz botatakoan hasi ziren: «Erresumaren honetan, har dezagün Nafarroa eta ikusiren dügü eüskaldün ahoberoa».

Baina txistuak eta oihuak emendatu egin ziren, Mola, bere soldaduekin, Schmidt eta Wandel alemaniarrak oholtzan agertu zirelarik. Eta, une gorenera iritsi ziren, 17. jelkaldian Burgosko auzia aipagai zelarik, Francok agerpena egiten zuelarik.

Besteetan ez bezala, jelkaldi horretan, pastoralaren usaiko erritmoa haustearen hautua egin zen, eta antzerki moduan aritu ziren auzitegi presidentea eta Onaindia.

Azken esaldian «Gora Espainiako langileak, Gora Euskadi askatuta» bota zuen Onaindiak, bertan ziren gehienek «Gora!» borobil batez bertseta jarraitu zutelarik.
Eleketa, “Eusko Gudariak” kantatuz bukatu zen. Eta, probokazio gisa, guardia zibilek, berriz, ikusleei “Viva España!” bat zabalduz erantzun zioten abestiari. Txistu eta oihuak errepikatuz joan ziren jelkaldiz jelkaldi espainolak taula gainean agertzen ziren aldi oro. Eta, irriak ere zabaldu ziren, espainol hildakoak oholtzako zuloa ireki eta bertatik botatzen zituztelarik. Euskaldun hildakoak, berriz, apezaren peredikua izateaz gain, kristauen sarrera-irteerako atetik ateratzen zituzten.

Aldarrikatzekoa ez zen ikusleek atzoko emanaldian adierazitako  gogo bakarra. Monzonek idatzitako abesti ospetsuenak bota zituzten jokalariek.

“Bai euskarari”, “Batasuna”, “Lepoan hartu” eta “Itziarren semea” abestiak bota zituztelarik, ikusle asko ikusi zen kantuz, eta, noizean behin irrintziak ere zabaldu ziren jarleku gune batetik bestera.

Hiru orduko tarte batean, bertan jarriak zirenak, turistak barne, abertzale suharrak bilakatu ziren, beraz.

Berrikuntza txikiak

Telesforo Monzonen pastoralak, halere, mota bereko ikusgarrien ohiko itxura eman zuen. Iraupen luzeaz kanpo, abeslarien trebeziak izan ziren nagusiki aipatuak.

Guztiek ahaleginak egin zituzten emanaldia ahal bezain eder izateko. Bertset batzuetan, baten bat erratu bazen ere, orokorrean Larraineko herritarrek azaldutako maila ikusleak loriatuta utzi zituen. Jokalarien artean, aipagarria izan zitekeen Agirre lehendakariarena egiten zuen herritarraren boz ezin ederragoa. Baina, gainerakoek ere guztien txaloak piztu zituzten.

Kantuetatik kanpo, ohi den bezala, guduak, aingeru eta apezak, artzainak eta, nola ez, ardiak igo ziren taula gainera. Guduetan, izan ere, euskaldun kristauak espainol turkoen aurka aritzen ziren. Azken horien taldea, gizon eta emaztez osatua zen. Gizonek jantzi dotoreak soinean zituztela, espainol emakumeak ezberdintzeko jantzi andaluziarrak jarri zizkieten soinean.

Ohiko irudi horietatik kanpo, kutsu berezia eman nahi izan zioten larraintarrek pastoralari, herriko dantzari gazteen trebeziak goraipatzeko. Johañe Etxebestek eginak, dantza berri horien artean “Gerlaz” izenekoa zegoen.

Agirreren eta gudarien omenez sortua, hamabi bat dantzari igo ziren oholtzara, dantzei esker, pastoralaren barnean ikusgarri berria sortuz.

Bordaxarrek eta Monzonek idatzitako abestiak, guduak, jelkaldiak bergararraren espetxeratzearekin eta heriotzarekin bukatu ziren. 23. jelkaldian, Herri Batasunak antolaturiko mitina irudikatu zuten. Bertan, Monzonek hau botatzen du: «Hitz indar hitz erraiteko, abertzale mündüari, altxa dezagün Eüskadi, beti borrokan güdari».

“Irabazi dugu” abestiak jarraitu ziolarik, 24. jelkaldian, Baionako erietxean izandako Monzonen heriotzarekin bukatu zen atzo iluntzean Pastorala. Azken otoitza kantatu zuen Monzonek, eta jokalari guztiak, ikurrina eskuetan, gorpuaren bila hurbildu ziren eramateko.

Aurpegi ezagunak

Azken peredikuan, Bordaxarrek gogoratu zuen: «Eüskaldünek ükan düe müga bat üsü erdian, eta noiz ahal deteke ibilten ber baratzean... Gure Eüskal Herri maitea laüdatü züan Monzonek, ahalaz egin dezagün geroari indar denek».

Larraine gure herria, XII: abestiarekin bukatu zuten, aurtengo pastoralaren lehenengo emanaldia, datorren larunbaterako, tenore berean, berriz ere, hitzordua emanez.
Politikari tarte nabarmena eman zion idazleak Monzonen bizia aipatzerakoan. Bi jelkaldietan bergararrak antzerkigintza eta olerkigintzan egindako lana aipatu egiten bazen ere, gainerateko guztietan bizi politikoa izan zen nagusi.

Pastoralak Larrainera Euskal Herriko eta kanpoko ikusle asko erakarri zituen. François Hollande eta Jean Lassalletik kanpo, aurpegi ezagunak ere ikusi ziren, horien artean, Joseba Permach edo Patxi Noblia.

Taula gainean zirenen artean ere, baziren, zenbait ezagunak. Larraineko egungo auzapezarekin batera, Jolanda Molina abokatua makila eskuan ikusi zen bi eszenetan gazte abertzalearen rola jokatzen. Berekin, Euskal Herria Bai koalizioarentzat bere burua aurkeztu zuen Gilen Iriarteri guardia zibilarena egitea tokatu zitzaion.
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo