GARA > Idatzia > Kultura

NIK LAN ETA HIK JAI: Mikel Berdote

«Taldekideen arteko elkarbizitza ez da erraza»

p044_f01_097x140.jpg

Ikuskizunak, orokorrean, eta bereziki, kirolak, ikusten ditugunean, txapeldun handiei baino ez diegu so egiten. Horiek dira protagonistak, heroiak, idoloak. Baina honelako lorpenetara ailegatzeko, ezinbestekoa da pertsonaren atzetik giza talde indartsu eta ordenatua egotea.

Lan horretan dihardu Mikel Berdote ugaotarrak. Txirrindulari ohia, iturgin lanak uzten dizkion orduak mekaniko gisa ematen ditu, bizikleta artean, Bide Lan euskal taldearekin.

«Futbolean ari nintzela piztu zitzaidan bizikletarako zaletasuna, eta aldaketa egin nuen» oroitu du Berdotek. Txapelketa ugaritan ibili ostean, «jubenil garaian sartu nintzen mekanikaren munduan». Pauso garrantzitsu hori emateko, ezinbestekoa izan zen garaiko entrenatzaileak bizikleta denda zabaltzea: «Horrek aukera eman zidan bertan egoteko eta ofizioa ikasteko».

Goizetan ikasi eta arratsaldetan lan. Hori bihurtu zen errutina, eta nahiz eta gogorra iruditu, «atsotitzak esaten duen bezala, gogoko aldapan nekerik ez», esan du Berdotek.

Pixkanaka, mekanikaren eta txirrindulari taldeen munduan burua sartzen hasi zen, «egun bateko lasterketetara joaten hasi nintzen, eta esperientzia zoragarria izan zen, izugarri ikasi nuen».

Erregulartasunez agertzen hasi zen gure protagonista Bide Lan taldearen lasterketarako autoan, eta laster, honen partaide bihurtu zen, praktikan, gutxienez.

Euskal Herritik kanpora

Bidaiarik ederrena, halere, etortzear zegoen, eta «inoiz espero gabeko momentuan gainera». Taldeko mekaniko nagusia gaixotu egin zen, eta Mikelek haren lekua hartu zuen. Honela zabaldu zitzaizkion Berdoteri Avilako itzuliaren ateak.

Espainiarako bidea «beldurtuta baina ilusio biziz» egin zuen gure lagunak, muturrean zeukan aukera baliatzeko «irrikitan».

Avilan, kirol talde ezberdinen elkarbizitzaren gozo-garratzak dastatu zituen: «Zaila da taldekideekin eguneko ordu guztiak ematea, neketsua da oso», baina halere, «gauza berriak ikasteko oso ona» izan da esperientzia. Errepikatzeko prest? «Noski, honelako gauzak ez dira egunero bizitzen». Berdote «begiak itxita» joango litzateke berriro.

Eguneroko errutinak «pentsa litekeenak baino askoz garrantzitsuagoak» dira honelakoetan. Bizikletak prest, garbi eta baldintza onenetan mantentzeaz gain, «beste hamaika gauza txiki egiten ditugu».

Mikel Berdotek argi dauka foku nagusietatik kanpo egindako lan hori publikoak ez duela asko estimatzen, baina halere, gustura egiten ditu. «Badakigu txirrindulariak direla ezagunak», dio, baina euren bigarren mailako paper hori «naturaltasunez» onartzen dute. Inbidia arrastorik ez dago bere hitzetan: «Etapa irabaztean, denon garaipena da, txirrindulari, zuzendari, mekanikari eta masajistena» .

Itzuli handiak, gainera, harremanak estutzeko eta lagun berriak egiteko parada ezin hobea dira. Galiziarrak, nafarrak, kolore guztietako mekanikariak ezagutu ditu. «Bakoitzarengandik zerbait ikasten duzu». Gerizpeko langileen istorioa da Berdotena. Lehen orrialdeetan agertzen ez direnen eta lan eskerga egiten duenarena.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo