GARA > Idatzia > Iritzia> Jo puntua

Floren Aoiz www.elomendia.com

Jendartea ala merkatuak

Mundu osoa gainbehera doa, zital batzuen dirua biderkatu bada ere. Hainbatek negozio ederrak egin dituzte eta krisialdia areagotuko dute, diru gehiago eta klase posizio hobea erdiesteko formula egokia delakoan

Hauxe da koxka. Egunotan, etengabean aditzen dugu merkatuak urduritu direla, beldur direla, ez direla fio, animatu egin direla... Finean, merkatuak gora eta behera, gobernuen zeregina era guzietako sakrifizioak eskaintzea omen da, aspaldiko jainkoei egiten zitzaien moduan. Jende sakrifizioak, merkatuak lasai daitezen.

Zuloa ez da inoiz ere estaltzen, ordea. Merkatuen erasoak geldiarazteko formula nahi dutena ematea da, nagusitzen den teorien arabera. Gauzak horrela, merkatuak kontrolatzen dituztenek apaldi ikasi zuten krisialdiak paregabeko negozioak direla. Salbuespen egoerak merkatuen diktadura areagotzeko baldintza hobeak izanik, lapurtzea eta espekulatzea zailtzen dituzten muga guziak desegitea dute xede. Shock doktrina deitu diote honi. Sistemak ekarri duen krisialdia sistema are zikinago, injustuago eta jendearen kontrakoago bilakatzeko jarduera.

Krisialdia ez da sortu estatuek jendearen bizitza hobetzeko diru gehiegi erabili dutelako, baina diru hori murriztea da krisialdia gainditzeko formula magikoa. Egoeraren arduradunak merkatuak dira, kapitalismoa, baina sinetsarazi nahi digute sobera ongi bizi izan garela eta denok garela arduradun. Gerrikoa estutu behar dugula, garai txarrak iritsi direlako, gure erruz.

Etxebizitzen inguruko burbuila denok egin omen genuen. Denok ordaindu behar dugu. Sobera diru galtzen da irakaskuntzan, osasungintzan eta beste hainbat arlotan gehiegizko zerbitzuak ditugulako, mantendu ezinak. Eta, batez ere, lan merkatua askoz ere malguagoa behar dugu, horixe baita langabeziaren iturri nagusia. Tesi horiek gezurrezkoak dira, baina adituek azaltzen dizkigute eta merkatuen esklaboek inposatu egin nahi dituzte. Merkatuen morroiak baitira gobernuak, hedabide gehienak eta ustezko adituak ere. Baina, non gelditzen da, komedia honetan, jendartea, non jende xumea? Denak merkatuen morroi, merkatuen nahien menpe bizitzera kondenaturik.

Merkatuei esker gaur egun mundua duela urtebete baino makurrago dago. Mundu osoa gainbehera doa, zital batzuen dirua biderkatu bada ere. Hainbatek negozio ederrak egin dituzte eta krisialdia areagotuko dute, diru gehiago eta klase posizio hobea erdiesteko formula egokia delakoan. Izan ere, mahai gainean jartzen diren neurri guziek herritar gehienen bizi eta lan baldintzak makurtzea dakarte, merkatuak menperatzen dituztenen egoera hobetzeko.

Nik ez dakit zer ekarriko duen geroak. Beste une batzuetan ikasi dugu Londresen gertatzen ari diren leherketen gibelean aldaketa emankorrak baino zapuzketa kolektibo eta neurri errepresiboak etortzen direla, tamalez. Edonola ere, nola ez ulertu jendearen haserrea? Zer espero zuten, bada, merkatuen aurrean belauniko bizitzea?

Haserretzeko garaiak dira, zalantzarik gabe, baina haserrea egoera hobetzeko baliatzeko bidea aurkitu behar dugu. Bien bitartean, oso inportantea da ideien lehia, gertatzen ari dena ikertzea eta kontatzen dizkiguten gezurrak agerian uztea. Egoera hau sortu duten zitalen ardura argi geldi dadin.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo