GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

Trontza Euskal Herriko Txapelketa

Baliarrainen argituko da zeintzuk diren finalean lehiatuko diren sei bikoak

J.L.

Etxeberria-Astondoa, Arana-Loiola, Iraola-Garmendia, Salegi-Zubiaurre, Barberena anaiak, Lasaga-Galarregi, Pikabea-Morrondo, Cano-Maiza eta Aizkorbe-Goldarazena lehiatuko dira bihar, 18.00etatik aurrera, Euskal Herriko Txapelketako kanporaketan.

Trontzalari bakoitzak hamar epai etzanda eman beharko dizkio 45 ontzako enbor bati, eta beste bost zutik jarrita. Lehenengo sei aizkolariek lortuko dute finala jokatzeko txartela. Bai txapela lortzeko, baita kanporaketan garaile ateratzeko ere, faborito nagusiak Barberena anaiak izango dira. Gainera, beraiek dira egungo txapeldunak ere. Aurkari nagusiak ere, seguruenik beraien herrialdetik etorriko dira.

Mallabiko Torneoa

Mallabian jokatuko da bertako harri-jasotze Torneoa etzi arratsaldean, 17.30etik aurrera. Bertan, 100 kiloko zilindro zaharra eta pisu bereko bola erabili beharko dituzte harri-jasotzaileek. Bakoitzak bost minutuko txanda bana izango du harri bakoitzarekin. Parte hartuko dutenak honako hauek izango dira: Urrutia, Izeta III.a, Jagoba, Belioso eta Inharreta. Faboritoak aipatzekotan, Izeta III.a eta Belioso dira nagusiak, eta bi horien artean egon daiteke txapela.

Berri pozgarriak ere badira; izan ere, bi gazte berri arituko dira torneo honetan, ez Jagoba ez Inharreta ez baitira askotan plazetan agertzen, eta kirolari gazteak eta berriak ikusteak beti ematen du poza, eta horrek berak ere zale ugari erakarriko ditu etzi.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo