GARA > Idatzia > Euskal Herria

«Estatus berriaren» gaineko mezuak elkarri bidaltzen hasi dira EAJ eta PSE

Hurrengo legealdiak «estatus berria» ekarriko duela esan du EAJk, eta horretarako Gasteizko Legebiltzarrean ekimena aurkeztuko duela ere argitu du Ińigo Urkulluk. PSEk azkar erantzun dio, «Ibarretxe Planaren» antzeko zerbait ez duela onetsiko nabarmenduz.

GARA |

Estatu mailan lehenik eta Gasteizko Legebiltzarrean gero hasiko diren legealdiei begira daude dagoeneko EAJ eta PSE. Datozen urte horiek estatus politiko «berria» lortzekoak izango direla ziurtzat jo dute jelkideek, eta horren gaineko mezuak elkarri zuzenduz ibili dira egunotan bi alderdiak, bakoitzaren mugak non dauden argitzeko.

EAJk hurrengo legealdian Gasteizko Legebiltzarrean ekimena aurkeztuko duela iragarri zuen herenegun Ińigo Urkullu agintari nagusiak. Ez zuen zehaztu, baina proposamenak aurretik jorratutako bidetik segituko duela esan zuen, eta autodeterminazioaren aukera ere baztertu zuen.

Adierazpen horien harira, jelkideen asmoa «beste `Ibarretxe plan' bat» aurkeztea dela ulertu dute PSEko hainbat agintarik, eta hori ez dela akordioak lortzeko bidea erantzun diote.

Hala, «`II. Ibarretxe Plan' baterako gure zain ez daitezela egon» esan zion Rodolfo Ares Barne sailburuak Urkulluri. Bere hitzetan, Juan Jose Ibarretxeren garaian «konfrontazioa, zatiketa eta gatazka» izan ziren nagusi; eta orain lortu beharrekoa, ordea, «aniztasuna onartzea» eta «ezberdinen arteko akordioa» adostea da. «Ea EAJk behingoz ulertzen duen», erantsi zuen Aresek.

Nolanahi ere, Urkulluren iragarpen horren atzean bestelako arrazoiak ikusten ditu sailburuak. Esaterako, Bilduri bozak kentzeko saio bat. Baina «EAJ oposizioko alderdi nagusia bada, alderdiko interesetan baino gizarte osoaren interesetan pentsatzea komeni zaio», adierazi zuen.

Isabel Celaak, Lakuako Hezkuntza sailburu eta jarduneko lehendakariak, amaitutzat jotzen du EAJk jorratu nahi duen bidea. ``El Diario Vasco'' k kaleratutako elkarrizketan, honakoa dio: «Estatus berriaz aritzeak `Marmotaren eguna' dakarkit burura, Ibarretxeren politika berpiztea da, beste garai batean. Egonkortasun politikoa da euskal gizarteak orain behar duena, bakea eta oreka ekonomikoa sendotzeko. Ezer ez da ukiezina, baina Euskadik ez du estatus berririk behar orain».

Andoni Ortuzar jelkideak, ``El Correo'' egunkarian, «Ibarretxe Plana» EAJrentzako eta «edozein euskal alderdirentzako erreferentzia» dela adierazi du, «Legebiltzarrak onartu duelako».

Ekimen hura txukundu eta eguneratu behar dela gaineratzen du Bizkai Buru Batzarreko lehendakariak, baina betiere argi utzita «gurean eta Katalunian orain honen txanda dela».

Era berean, beren posizioa ezker abertzaletik urruti dagoela nabarmendu du Ortuzarrek, Urkulluk egin bezala.

Donostiako Aste Nagusia abiatu ondoren, euskal preso politikoen aldeko brindisa egin zuten Sarriegi plazan -irudian-, eta bertan, aurten kalera atera diren donostiarrak igo ziren oholtzara, mila lagun ingururen txaloak jasotzeko. Beste herritako jai batzuen hasierako suziri jaurtiketetan ere presoen aldeko kartelak eta pegatinak agertu ziren atzo: Tafallan eta Burlatan, esaterako. Mallabian 147 lagun bildu ziren presoen alde; Larrabetzun, 222; eta Etxalarren, berriz, 70.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo