GARA > Idatzia > Kirolak> Surf

ITSASOA

Agatha Christie Lehenetarikoa Europan surf egiten

Ingalaterrako surfaren museoko arduradunaren arabera, Agatha Christie idazlea lehenetarikoa izan zen Ingalaterran zutik surf egiten.

p030_f02_149x97.jpg

Haritz LARRAÑAGA ALTUNA

Ingalaterrako hego-mendebaldean bada Devon izeneko hiri bat. Bertan ireki zuten 2010. urtean Ingalaterrako surfaren museoa eta ordutik gelditu gabe dabil lanean Pete Robinson, Museoaren sortzaile eta zuzendaria. Gai honekin lotura duen materiala pilatzeaz gain, surfak Ingalaterran bere hastapenetan emandako urratsak aztertzen ditu eta pixkanaka gero eta informazio gehiago dauka museoan.

Europan surfa lehenengoz Biarritzen egin zela esan ohi da. Egia da surfa Europa osora Biarritzetik zabaldu zela eta Europako surfaren historian Biarritz dela protagonista nagusia, inongo zalantza izpirik gabe. Baina lehen surflari europarrak ez ziren Biarritzen surf egiten aritu, eta ez ziren biarriztarrak, britainiarrak baizik. Eta gainera, zutik surf egiten hasi zen lehen surflari europarretako bat Agatha Christie idazle famatua izan zen.

Dame Agatha Christie Torquay herrian jaio zen 1890. urtean, Ingalaterran, eta 1976ko urtarrilaren 12an hil zen Wallingforden. Arrakasta handiko idazlea izan zen, 79 nobela idatzi zituen, baita hamarka idatzi labur ere. Bere idatzi askok zineman edo antzerkietan izan dute isla, eta batez ere horregatik da famatua. Hercules Poirot eta Jane Marple dira bere pertsonaia ezagunenak.

Idazle gisa ezaguna da beraz Agatha Christie, baina orain bere surfarekiko zaletasunaren berri eman du Pete Robinsonek. Agatha bi aldiz ezkondu zen. 1914. urtean Archibal Christierekin ezkondu zen eta Rosalind izeneko alaba bat izan zuten. Lehen ezkonaldia 1926. urtean amaitu zen, eztabaida gogor baten ostean, hamaika egun desagertuta egon zen Agatha. 1930. urtean Max Mallowan arkeologoarekin ezkondu zen eta hil arte iraun zuen harremana izan zuten.

Pete Robinsonen esanetan, Agatha Christie eta bere lehen senarra, Archie, zutik surf egiten ikasi zuten lehenetarikoak izan ziren Ingalaterran. Lehen Mundu Gerraren ostean piztu omen zitzaion idazle famatuari surfarekiko jakin-mina. 1924an Londresen egitekotan ziren Britainiar Inperioaren erakusketaren berri munduan zehar eman behar zen eta propaganda lan hori Archieri eman zioten, eta horri esker asko bidaiatu zuen bikoteak.

1922ko urtarrilean alaba txikia Agatharen amaren eta ahizparen zaintzapean utzi eta Hegoafrikara abiatu zen bikotea. Otsailean, uda sasoian zirela, Muizenberg-eko hondartzan egin zuten surf lehenengoz. Kirol hau probatu ostean, honakoa idatzi zuen Christiek: «Hegoafrikako surf taulak zur arinez eginak dira. Estuak dira eta erraz garraia daitezke; horrela hasi nintzen berauekin olatu artean ibiltzen».

Lehen urratsak ematerakoan izan zituen zailtasunak eta erorketak ere deskribatu zituen: «Batzuetan mingarria da, goitik behera erortzen bazara, baina orokorrean kirol erraz eta dibertigarria da».

Leku berriak

Hegoafrika atzean utzi eta Australian eta Zeelanda Berrian izan ziren. Abuzturako Hawaiin ziren, Honolulun, eta han, Waikikiko hondartzako olatuetan, Agathak zutik surf egiten ikasi zuen. Eguzki erredurei nola aurre egin eta koral zauriak nola sendatu ere ikasi behar izan zuen. Itsas hondoko koral zorrotzaz babesteko larruzko oinetako leunak erosi zituen, baita bainujantzi berezia ere; «Artilezkoa, puntu berde txikiekin. Nire bizipoza zen, oso ongi ikusten nuen nire burua bainujantzi harekin».

Urrira arte geratu zen Hawaiin idazle britainiarra eta hona garai hartan idatzitakoa: «Eskuin olatu batean, taularen gainean oreka mantenduaz urertzeraino zutik etorri nintzen egunaz geroztik, surflari trebea bilakatu naizela esango nuke, europar ikuspegi batetik begiratuta».

Bidaia hark idazleari izaera berri bat eman omen zion, itsasoarekiko pasio handia izan baitzuen aurrerantzean eta kirolari gazte ere bilakatu omen zen, Robinsonen esanetan.

1920ko hamarkadan oso gutxi omen ziren surf egiten zuten britainiarrak. Robinsonek esku artean dituen datuen arabera, Agatharen aurretik zutik surf egiten ikusi zutenen artean, pertsona bakarra omen dago, Edward printzea, hain zuzen ere. Agatha baino bi urte lehenago ikusi zuten printzea zutik surf egiten. Beraz, Agatha bigarrena izan zen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo