GARA > Idatzia > Euskal Herria

A-20rako eskaintza lantzeko lehen bilera egingo dute gaur Aralarrekin

Aralarrek gaur hartuko ditu Donostiako bere egoitzan, ezker abertzaleko, EAko eta Alternatibako ordezkariak, azken hirurek elkarrekin egindako hauteskunde eskaintza aztertzeko. Ez da behin betiko erantzunik espero, oraindik ere Aralarren barruan eztabaida irekia dago-eta.

GARA

Azaroaren 20ko hauteskundeetara batera joateko eskaintza luzatu zieten EAJri eta Aralarri ezker abertzaleak, EAk eta Alternatibak duela hamar egun. Aurkezpen publikoaren ondoren, gaur aukera horren garapenean beste urrats bat emango da, Aralarrek ekimena sustatzen duten hiru indar politikoetako ordezkariak hartuko baititu bere Donostiako egoitzan.

Antza, lehenengo hartu-emana baino ez da izango. Argazkia izan izango da, baina ezin da behin betiko erantzunik espero, batez ere Aralarrek oraindik ere proposamenaren inguruko erabaki finkorik ez duelako hartu. Horren seinale eman zuen aurreko astean Patxi Zabaletak. Aralarko koordinatzaile nagusiak beste proposamen batekin erantzun zion ezker abertzaleak, EAk eta Alternatibak elkarrekin egindakoari, baina betiere maila pertsonalean egiten zuela zehaztuz. Izan ere, Aralarrek irailaren 17an egingo du alderdiko kongresua, eta bertan hartu nahi ditu etorkizuneko itun politikoen inguruko erabakiak. Jose Luis Rodriguez Zapaterok Espainiako hauteskundeak aurreratu ondoren, kongresua bera ere aurreratu behar izan du Aralarrek, hasiera baten urriaren 1ean egitekoa baitzen.

Bi proposamen

Zabaletak bere proposamenak Aralarren oniritzia izatea espero du, orain arte markatutako bidetik baitoa. Zehazki, A-20rako hiru koalizio ezberdin aurkeztearen alde egiten du. Kongresurako, Nafarroan Bildu eta Nafarroa Bai batzea planteatzen du, eta Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, berriz, Bildu eta Aralar elkartzea. «Izenak berdin dio», erantsi du. Senaturako, aldiz, lau herrialdeetan koalizio zabalagoa osatzea komenigarri ikusten du, eta, bertan, besteak beste, EAJ ere sartzea.

Ezker abertzaleak, EAk eta Alternatibak adostutako proposamena, aldiz, berdina da lau herrialdeetarako eta bi ganberetarako. Beren indarrak EAJ eta Aralarkoekin batzea aurreikusten du proposamenak, Euskal Herriko eskubideen alde eta betiere ezkerreko ikuspuntu batekin. EAJk, ordea, laster eman dio ezetza eskaintzari hainbat agintariren ahotik; hala, ekimenaren hiru bultzatzaileek eskatutako bilera ez da oraindik egin.

Bien bitartean, gainerako alderdiak zer gertatu zain daude. UPNk bere kezka agertu du jada, eta Bilduko alderdiekin bat eginez gero ETAren alde kokatuko liratekeela ohartarazi die Aralarri eta EAJri.

PSEri dagokionez, balizko koalizio batek ez duela «gehiegi kezkatzen» aipatzen zuen Patxi Lopez lehendakariak atzoko ``El Pais'' egunkarian. Bere hitzetan, bi gauza daude proposamen horren azpian: batetik, Bilduk «babesa» bilatu nahi omen du, eta, bestetik, alderdi abertzaleen birkokapenaren ondorioa da. Edonola ere, aukera horri oihartzunik ez ematea nahiago du Lopez lehendakariak.

 

PATXI lopez

Balizko koalizio batek ez du «gehiegi kezkatzen» Patxi Lopez lehendakaria. Bere ustez, alderdi abertzaleak agertoki berrirako birkokatzen ari dira.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo