GARA > Idatzia > Kultura

Haizea BARCENILLA Arte komisarioa

Besteon hitzak

Orain egun pare bat Herran izeneko herritxo batean suertatu nintzen. Landetxe batean ginen, asteburu pasa. Jabeek herriko jaiengatik antolatutako poesia irakurketa batera gonbidatu gintuzten, elizan burutuko zena, eta hara abiatu ginen.

Iritsi ginenerako, eliza goraino beteta zegoen: herria txiki-txikia den arren, biztanle guztiak han ziren. Biztanle anitzek parte hartu zuten irakurtzen, hasi umeetatik, eta adineko emakumeetara; besteak, entzuten. Emakume idazleenak ziren testuak, gehienak aski ezagunak, besteak beste, Sor Juana Ines de la Cruz eta Gioconda Bellirenak. Irakurketa ez zen abangoardista izan, ez zituen ezarritako kanonak apurtu, baina guztiok hunkitu gintuen. Horrenbeste jende inplikatua ikusteak; baliabide gutxirekin eta gogo handiarekin gauzatutako ekintzan parte hartzeak; sentitutako hitzek entzuleriarengan izan zuten eragina; horrek guztiak, hiriak eskaintzen dizkidan gertakizun kulturaletan gutxitan aurkitzen ditudan sentsazioak igorri zizkidan.

Artean profesionalki gabiltzanok zenbaitetan lurrarekiko lotura galtzen dugula ere pentsarazi zidan. Geure lengoaia konplexuetan barneratzen gara ito arte. Dinamika propioak, ia gure kultu propioa sortzen dugu, bere lilura eta bere mugak dituena. Artista profesional baten erakusketa batek eta Herraneko biztanleek antolatuko irakurketa ezin dira konparatu, ezaugarri desberdinegietatik abiatzen direlako; hala ere, konpara ezinak izateagatik hain zuzen, biek pizten dute arreta. Herraneko elizako paretan bermatua, jendartean, horren hitz laiko eta ederrak entzuteak erlijioarekin loturarik ez duen poza sentiarazi zidan.