GARA > Idatzia > Euskal Herria

Gazte batek salaketa jarri du, eraso egin baitiote, Guardia Zibilari lagun diezaion

Aulestiko gazte batek salaketa jarri du Bilboko epaitegi batean, Guardia Zibilarekin kolabora zezan eraso egin ziotelako uztailaren 11n, Gernikako Astra aparkalekuan. Azaldu duenez, Guardia Zibilari lagundu ezean, kale borrokako bi kasuren frogak bere kontra erabiliko zituztela esanez mehatxu egin zioten lau pertsonek -hiru kaputxadunak-. Egungo egoera politikoan Estatu espainola errepresioan tematzea gaitzetsi du amnistiaren aldeko mugimenduak.

p013_f02_199x112.jpg

GARA | AULESTI

Atzo, Aulestin, bertako biztanle den Mikeldi Zenigaonaindiak amnistiaren aldeko mugimenduarekin batera egindako prentsaurrekoan azaldu zuenez, Guardia Zibilarekin kolabora zezan jasan dituen mehatxuak salatu ditu Bilboko bigarren instrukzio epaitegian.

Salaketa idazkian azaltzen denez, joan den uztailaren 11n, Gernikako Astra aparkalekuan zegoela, lau pertsona inguratu zitzaizkion Zenigaonaindiari, horietatik hiru kaputxak jantzita. «Egun on, Mikeldi, gu gara berriz, eta beste batzuetan ere esan dizugu zeure lagunak izan nahi dugula, eta lagundu egin behar gaituzula», esan zioten, bat-batean talde horretako bi kide gaztearen furgonetan sartu ostean.

Kale borrokako bi ekintzatan parte hartu zuela egozteko erabil zitzaketen frogak zituztela gaineratu zuten, eta kolaboratzen ez bazuen hori egingo zutela esanez mehatxu egin zioten. Horrez gain, senideen eta lagunen kontra ere joko zutela ohartarazi zioten.

Talde horretako kideek ETAren zigilua zuen pistola bat ere atera zuten, eta Zenigaonaindiari ukitzeko agindu zioten, hatz markak bertan utz zitzan. Aulestiarrak uko egin zion, eta orduan pistola hori bere gorputzean igurtzi zuten, bere DNA arrastoa hor gera zedin.

Horrez gain, beste pistola bat ahoan sartu zioten eta perkutoreari eragin zioten mehatxuka. Kolaboratzeko agindu zioten berriro eta zaplaztekoa ere eman zioten. Alde egitean, «Viva la Guardia Civil y viva España, joder», esanez joan ziren.

Zenigaonaindiak salaketan ohartarazi duenez, kaputxarik gabekoa lehendik ezagutzen duela uste du, 2005ean, Ermuan geldiarazi zuten kontrol batean parte hartu zuten guardia zibiletakoa bat delakoan dago. Hain zuzen, 2010ean egin zioten halako beste «kolaborazio eskaera» batean ere aritu zela gaineratzen du. Gernikako bigarren instrukzio epaitegia ikertzen ari da 2010eko gertaera hori.

«Errepresio estrategia»

Amnistiaren aldeko mugimenduak prentsaurrekoan nabarmendu zuenez, Zenigaonaindiari gertatutakoa «ez da kasu isolatua, ez da bi edo hiru polizia edo militarrei bururatzen zaien jardunbide antidemokratikoa, estrategia errepresibo oso baten ondorioa da».

«Euskal gizarteak geroari itxaropentsu begiratzen dionean, ezker abertzaleak gatazka konpontzeko urrats oso garrantzitsuak eman dituenean, Gobernu espainolaren aldetik errepresioan oinarritutako irtenbide faltsuari eusten diote», gaineratu zuen mugimenduak.

Gaineratu zutenez, Euskal Herrian gaur egun jardunean ari den «biolentzia bakarra» honakoa da: «estatuek euskaldunon eskubideak ez errespetatzeko erabiltzen dutena».

Horrez gain, konponbidean lagundu beharrean «eztabaida faltsuetan tematzen diren» politikarien jarrera salatu zuen. «Gatazka konpontzea PSE, PP eta EAJren eskuetan ere badago. Euskal gizarteak ez du onartuko zabaldu den aukeraren aurrean eskuak garbitzea eta beste alde batera begiratzea».

Horregatik, errepresio tresneria desaktibatzea eta euskal preso eta iheslarien etxeratzea bultzatzea eskatu zien amnistiaren aldeko mugimenduak alderdio horiei, euren ardura delako, «ez dezatela aukera oztopatu, eta Euskal Herriaren hitza eta erabakia errespetatu dezatela».

KONTROLA

Kaputxarik gabe zegoen gizona ezaguna zuela nabarmendu zuen mehatxuak jasan dituen Aulestiko gazteak, 2005ean, Ermuan, Guardia Zibilak egin zion kontrol batean zegoelako.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo