GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

Harri-jasotzea Elgoibarko Torneoa

Aimar Irigoienek txapelak pilatuz jarraitu nahi du

Errezildarrarekin batera, Belioso, Izeta IV.a eta Ariztegi ere neurtuko dira gaur arratsaldean Elgoibarren.

p030_f02_149x145.jpg

Jon LEUNDA

Harri-jasotzaileen denboraldia puri-purian dago, eta, hala, kirol horren zaleak direnek beste lehiaketa bat izango dute gaurkoan, Elgoibarko Torneoa jokatuko baita Elgoibarko Foruen plazan 18.00etatik aurrera.

Irigoien, Izeta IV.a, Belioso eta Ariztegi izango dira lehian arituko diren lau harri-jasotzaileak. Bakoitzak hiru harri ezberdinekin egin beharko du lan; bakoitzarekin hiruna minutuko txanda bana egingo dute. Zilindro zaharra, kubikoa eta bola izango dira bizkarraren gainera jaso beharko dituzten harriak, guztiak ere 100 kilokoak.

Txapela lortzeko faborito nagusia Aimar Irigoien errezildarra da. Gipuzkoarra sasoi onean dago, eta zaila izango dute gainerakoek bera mendean hartzea. Borroka polita bigarren posturako egon daiteke Beliosoren eta Izeta IV.aren artean.

Ariztegik, berriz, pasa den astean ezin izan zuen Igeldoko Harria lehiaketan parte hartu, eta, beraz, ikusi beharko da zer moduz dagoen gaurko saiorako. Dena dela, aurreko hirurak gainditzea oso zaila izango du kirolari nafarrak, eta ahalik eta lanik onena egiten saiatuko da.

Gazteen Txapelketa

Biharkoan, berriz, Gorritiko pilotalekuan Gazteen Euskal Herriko Txapelketa jokatuko da 12.30etik aurrera. 100 kiloko zilindro zaharra eta pisu bereko kubikoa erabili beharko dituzte harri-jasotzaileek, eta bakoitzarekin hiruna minutuko txanda bana izango dute kirolariek.

Lehian, berriz, honako hauek arituko dira: Otaegi, Oiarbide eta Telleria IV.a. Goenatxo III.a ere aritzekoa zen, baina azkoitiarra tripetako arazoekin dabil, eta ezin izango du parte hartu. Otaegi da egungo txapelduna eta irabazteko faborito nagusia. Etorkizun hurbileko harri-jasotzaileak ikusteko sekulako aukera izango da, beraz, bihar Gorritin jokatuko den finalean.

Jaialdi berean, Bigarren Mailako Euskal Herriko trontzalarien finala ere jokatuko da. Arana-Loiola, Salegi-Zubiaurre eta Aizkorbe-Goldarazena neurtuko dira. 45 ontzako enbor bati hamar epai eman beharko dizkiete enborra etzanda jarrita, eta bost zutik jarrita. Hasi eta bukatu enborra etzanda dutela egin beharko dute, eta tartean zutikako lana sartu. Hor erabakitzen da neurketa askotan. Hiru bikoteak orain bi aste Baliarrainen jokatu zen kanporaketan lehiatu ziren, eta, orduan, Arana eta Loiola izan ziren onenak. Hori bai, tarteak oso txikiak izan ziren, izan ere, Salegiri eta Zubiaurreri zazpi segundoko tartea bakarrik kendu zieten.

Orain bi asteko Baliarraineko kanporaketa erreferentzia moduan hartuta, badirudi aipatutako bi bikoteen artean egongo dela txapela, izan ere, hirugarren bikoteak, Aizkorbe eta Goldarazenak, minutu bat baino gehiago galdu zuen beste bi bikoteekiko. Dena dela, lana oso laburra da, eta oker bat egitea nahikoa da denbora galtzeko; horrelakoetan izaten dira ezustekorik handienak, aurkariek ez baitute barkatzen.

Aitzol Atutxa sartu da finalean

Aitzol Atutxak lortu du Urrezko Aizkorako Txapeldunen Ligako finala jokatzeko txartela, herenegun Donato Larretxea mendean hartu ostean. Aizkolari bakoitzak sei proba ezberdin egin behar izan zituen, eta horietako lautan bizkaitarra irten zen irabazle eta bitan nafarra.

Hasteko, 45 ontzakoa zeinek kolpe gutxiagotan moztu neurtu ziren. Atutxa nagusitu zen, enborra 34 kolpetan erdibitu eta biko aldea lortuz.

Hurrengo bi lanetan, ordea, Larretxea izan zen nagusi. 45 ontzakoa erlojuz kontra 43 segundotan moztu zuen, eta zutik jarrita, berriz, minutu eta 16 segundotan. Bi lan horietan 18 segundo kendu zizkion Atutxari. Bizkaitarra, ordea, beste hiru probetan gailendu zen, eta, hala, garaipena segurtatuta utzi zuen.

Iraupen proban, lau kana-erdiko mozten, 9 minutu eta 50 segundo behar izan zituen Atutxak, eta 10 minutu eta 10 segundo Larretxeak. Egin beharrekoak egiten 17 minutu eta 7 segundo behar izan zituen guztira bizkaitarrak, eta 17 minutu eta 41 segundo, berriz, nafarrak. J.L.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo