GARA > Idatzia > Kultura

KRONIKA | UR JOLASAK URIBITARTEAN

Konpartsek Ibaizabal hartu eta uretan neurtu dituzte euren indarrak

Arrauna eta jinkana izan zituzten atzokoan Bilboko Konpartsek elkarren artean lehiatzeko ur jolasak. Lehiatik gutxi izan zuen, ordea, atzo Uribitarten izandako ikuskizunak.

p054_f02_97x140.jpg

Ane ARRUTI

Ura gauza ederra omen da, baina inor gutxi gogoratzen da horretaz jai giroan dagoenean. Ajearekin gaudenean hartzen du bere balioa produktu koloregabe, usaingabe eta zaporegabe honek. «Atzo ere egongo zen bada...», entzun izan dugu igande goiz askotan. Horregatik zeharo harritu gintuen atzo Bilboko Konpartsen jai egitarauan Uraren Eguna irakurtzeak. Egia da abuztuaren 26a Bizkaiko hiriburuan jaieguna izaki eta asteazkeneko plantoan indarrak berreskuratuta, osteguna ederki ospatu zutela bilbotarrek, baina, kontxo, horrenbesterako...

Oker genbiltzan, noski, jaiak ez baitu bihar arteko etenik, eta konpartsen arteko ur jolasekin egin genuen topo Uribitarten. Frogak, begira egoteko behintzat, itxura batean, errazak. Parte-hartzaileen komeriak ikusita, ordea, bazkaltzeko ura edandakoak, gutxi.

Batelen estropadak eta jinkana tartekatuz joan ziren konpartsa ezberdinak elkarren aurka. Arraunean, Kaikuko arraun eskolako kideen aholkuei «bai, bai, bai» esan arren, aizkoran ari bailiran aritu ziren, norbera bere erritmora. Zenbaitek lanak izan zituzten batela ez iraultzen eta, gehienek, estropada eremuan aurreikusitako metroak baina dezente gehiago egin zituzten, ibaiaren zabalera neurtzen ari bailiran. Hori bai, nor baino nor dotoreago. Erabilienak, lumadun lepokoak, kolore deigarrietako ileordeak eta galtzerdi estuak.

Jinkanaren kasuan, begiak itxita bi piragua elkarri lotuta ibaia zeharkatu eta tirolinara heltzea zen helburua. Agian oraindik bertan jarraituko dute arrainak bere isatsa nola, buelta eta buelta hasi eta ezin zuzendu zen laukotea. Abiadura hartuta ibaiertzeko arkupeetaraino sartu zenik ere izan zen. Behin tirolinara iritsita, aitortu beharra dago emakumeek abilezia gehiago erakutsi zutela, pare bat gizonezko airean jartzerako ziplo erori baitziren uretara.

Kontuak kontu, lehiak lehia, giro ederra nagusitu zen konpartsen artean eta urak, bestondoetatik kanpo, bere presentzia izan zuen jaian ere.

 

DOTORE

Konpartsero gehienak mozorrotuta iritsi ziren ur jolasetara. Ileordeak, kolorezko galtzerdiak eta lumazko lepokoak aukeratu zituzten askok. Pailazoek eta «Stop Wars» filmeko pertsonaiek ere hartu zuten parte jokoetan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo