GARA > Idatzia > Euskal Herria

Ardiak emandako lanak eta produktuak erakutsi ditu Legazpik Artzain Egunean

Artzain Eguna ospatu zuten atzo Legazpin. Aurten ere, XXII. edizioan, omenaldia egin zieten artzainei, eta arditik eratorritako produktuen azoka izan zuten. Gazta lehiaketan, Olaberriko Aizpea baserria gailendu zen.

p015_f02.jpg

Oihane LARRETXEA | LEGAZPI

Gazta usain gozoa sudurretik eta ardien «beee!» biziak belarrietatik. Legazpik XXII. Artzain Eguna ospatu zuen atzo, beste urte batez, artisautza, baserriko produktu, tailer eta animalia postu ugarirekin. Helburua, ohiko legez, Gipuzkoakoa artzainak omentzea izan zen, lehen sektoreko ogibide hau aintzatetsi eta duen garrantziaz ohartarazteko.
Eguraldia gainera, eguerdira arte behintzat, primeran portatu zen eta jende andana bildu zuen herriko kaleetan. Gaztetxeak, azken urteetan bezala, baserritarrez janzteko deialdia egin zuen, eta helduak gehiegi animatu ez baziren ere, herriko gazteek bat egin zuten proposamenarekin.

Artzainekin batera, ardiek erakarri zituzten begiradak. Horien inguruko hainbat lehiaketa izan ziren, besteak beste, ardi onenarena. Hemen, Juan Joxe Aranguren legazpiarrak irabazi zuen ardi muturbeltzaren atalean, eta Joxe Manuel Etxeberriak, berriz, muturgorriarenean.

Inbidiaz, eta puska bat dastatu ahal izateko asmoz, ikusleek asko gozatu zuten atzo XXVII. ediziora iritsi zen gazta txapelketarekin. Epaimahaian izan zen Erramun Martikorena, eta beste kideez lagunduta, 540 euroko lehen saria eskuratzea Olaberriko Aizpea baserriari zegokiola erabaki zuten. Bigarren saria Elgoibarreko Jesus Mari Ansolarentzat izan zen eta hirugarrena Oiartzungo Galtzata baserriarentzat.
Gaztak dastatzearekin konformatu ez eta amaieran Martikorenak “Xalbadorren heriotza” abestu zuen, ikusleak hunkituz.

Ardiaren haragia hobeki nork sukaldatzen duen ere erabaki zuten beste txapelketa batean. Atzokoan, La Bellota Extremadurako Etxea gailendu zen.

Lanaren aitorpena

Eta zer izango litzateke ardiez artzainik gabe? Betiko legez, Gipuzkoako lau aiton-amona artzain eta Ameriketan artzain aritutako beste lau omendu zituzten. Halaber, Eduardo Urarte albaitaria eta Juan Joxe Aranguren artzaina ere.

Urarteri artzaintzaren alde eginiko lana aitortu zioten, bizitza osoa ogibide berberari eskaini baitio. Arangurenek bestalde ELE ardi latxa arrazako ardien elkarteko Artzain Eredugarria saria jaso zuen.

Lehen sektoreak egun bizi duen krisiaz harago, halako jaiek begi bistan uzten dute ogibide batzuk ezinbestekoak direla produktuak geure etxeetara hel daitezen. Garai txarretan ere itxaropentsu azaltzen denik izaten da ordea. Makatza baserriko Pedro Gabiriak «jende gaztea lanerako gogoz» dagoelako artzaintzak aurrera egingo duela esan zuen aurtengo edizioaren aurkezpenean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo