GARA > Idatzia > Kirolak> Surf

Surf | Ikastaro berezia

Ahalmen urriko ikasleei zuzendutako surf ikastaroa

Orain lau urtez geroztik antolatzen du Seaskak ahalmen urriko ikasleentzako surf ikastaroa Hendaian.

p046_f03.jpg

Haritz LARRAÑAGA ALTUNA

Irailaren 11n, igandea, surf egiteko aukera izan zuten iparraldeko ikastoletan ikasten duten ahalmen urriko haurrek. Urtero sasoi honetan Angelun egiten den Glissegunarekin lotuta egiten den ekimenetako bat da.

Aurten bederatzigarren aldiz antolatu duten Glisseguneko ekimenak, errepikatzearen ondorioz, ohiko bilakatzen hasi diren ekimen batzuk dakartza berarekin, eta horietako bat da ahalmen urriko ikasleentzako egiten den surf ikastaroa.

Aurtengoan laugarren aldiz bildu dira ikasleak Hendaiako hondartzan surf ikastaroa egiteko. Glissegunaren aurreko astean egiten den ekimena da eta ikasle nahiz gurasoek gozatzeko aukera izaten dute.

Surf egiteko zailtasun fisikoak dituzten ikasleak biltzen dira, eta ahalmen urriko haurrekin lan egiten duen elkarte baten eskutik, itsasoratzeko aukera eskaintzen zaie. Angeluko olatuak indartsuegiak direnez, ekimena Hendaian egiten da, bertako hondartza askoz egokiagoa baita horrelako ikastaro bat egiteko.

Orain lau urte Seaskako Integrazio batzordeko zenbait gurasok ahalmen urriko ikasleek surf ikastaroa egiteko proposamena jaso zutenean, sorpresa nagusitu omen zen gurasoen artean. Arriskutsuegia ote zen edo egiaz, egingarria ote zen galdetzen omen zuten. Lau urteren ostean, egingarria bakarrik ez, ikastaroa dibertigarria ere badela ikusi dute eta ikasle zein gurasoek egun eder batez gozatzeko parada izaten dute, haurrak uretan diren artean, gurasoek hondartzaz gozatzeko parada izaten baitute.

Saioa amaitu ostean ariketa fisikoak eta itsasoko mugimenduak sorrarazten duten goseari aurre egiteko, bazkari eder bat egiten dute, ikasle, irakasle, guraso eta lagunek, jaki eta edari goxoekin. Beraz, uretatik kanpora ere giro ederrean jarraitzen dute.

Ikastaroaz arduratzen den eskola, Surfescapade izeneko surf eskola da, Tarnoseko eskola espezializatua. Bertako arduraduna den Nicolas Larregain surf irakasleak arazo fisikoak dituzten ikasleekin lan asko egin du eta esperientzia du.

Ikastaroa emateko, irakasleek tresneria egokitu behar izan dute. Beren jakintza eta esperientziaz baliatuz, ikasleen beharretara egokitutako tresneria egin dute, merkatuan ez baita antzerako ekimenak egiteko material egokirik. Izan ere, zailtasun fisikoak dituzten haurrak ez dira erosle potentzialak, eta horrelako ikastaroak ematen dituzten surf eskolak ere ez; beraz, irakasleek beraiek egokitu eta egin behar izan dituzte surf taulak, zein surferako tresneria.

Batetik, ikasleekin lan egiteko modua bera oso landua dute, ikasleen ahalmen eta beharretara egokitzen jakin egin behar da eta hori soilik esperientzia duen irakasle batek egin dezake. Akademian baino, eguneroko praktikarekin ikasten den zerbait da.

Bestetik, ikasleak dituen zailtasunetara egokituko den tresneria ere behar da. Adibidez, arazo fisikoak dituzten ikasleentzako taula oso berezia da. Ikasleak dituen ezintasun eta beharrei egokitutako taula da; beraz, berezitasun ugari ditu.

Ezintasun fisikoak dituztenentzako taula oso egonkorra izateko helburuarekin egindako taula bat da; beraz, formari dagokionean, berezitasun tekniko ugari ditu. Bestalde, ikasleak segurtasun handiagoa izateko ezarritako berezitasunak ere baditu taulak, hala nola heldulekuak dauzka aurrealdean.

Lehen begirada batean bi taula elkartuta daudela dirudi. Piragua baten ordez, bi piragua elkartuko balira bezala, horrela askoz ere egonkortasun handiagoa lortzen da eta ikasleak ziurtasun handiagoa du.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo