GARA > Idatzia > Kultura

Mitxelko Uranga saiogileak gaurko argia eman dio euskalduntasunaren auziari

 

Maider IANTZI | DONOSTIA

«Euskalduntasuna, modernitatean ulertzen zen modura, hilik dago. Baina bere mamua bizi da eta pentsalarien lana honi gorputza eman eta berriro eguneratu eta herriratzea da». Hori defendatzen du Mitxelko Urangak «Espektroak» saiakera berrian.

Paulo Iztueta Utriusque Vasconiae argitaletxeko kidea kontent zen atzo «Espektroak. Gutuna euskalduntasunari buruz» liburu berriaren aurkezpenean, idazleak, Mitxelko Urangak (Berango, 1978), «saialari peto baten zaina» duelako eta «modernitatearen garaia gaindituz, euskalduntasunaren auzia gaurko ikuspegitik, postmodernitatetik, argitzen ahalegindu» delako lan honetan.

Filosofia irakasle honek diskurtso berri bat eraiki nahiko luke. Eta zeharka edo zuzenean, abertzaletasunari buruz mintzatzen da bere gutunean. Iztuetak azaldu zuenez, mamuak gora eta behera, azterlariak lan interesgarria egin du eta ahaleginak merezi izan du. «Nik oso gustura irakurri eta argitaratu dut. Zain berriak datoz, beste ikuspegi batekin zerbait berria eraikitzeko».

Uranga Filosofian lizentziaduna da eta doktore tesia egiten ari da Mendebaldeko hierarkizazio eta menderakuntza motei buruz, Eduardo Apokadarekin. Erran zuenez, tesi honek isla nahiko du liburuan. Gainera, Apokadak berak idatzi dio hitzaurrea.

«Mamuak» trilogiaren bigarren alea da «Espektroak. Gutuna euskalduntasunari buruz», egilearen hitzetan, etorkizuna mamuena delako. Beraren iritziz, bertzelako euskalduntasun eredu bat sortu behar dugu eta horretarako ezinbertzekoa dugun gutxienekoa euskara da. «Euskara da mamua eta euskalduntasuna badago, euskara dagoelako da».

Heideggerrek gutuna idatzi zuen humanismoari buruz, «nola eman zentzu berria humanismoari?» galdetuz. Berangarrak gurera ekarri du galdera: «Zelan eman diezaiokegu zentzua euskalduntasunari egun?».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo