GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Naiara Santxiz Arregi | Hernaniko Bilduren izenean

Hernaniko Udal Gobernuak Hernaniko herriari

Espero dezagun hurrengo udal hauteskundeetan Hernaniko Udalerako hautagai guztiak elebidunak izatea (euskaldun guztiok elebidun baikara)

Azken egunotan Udalean (eta herrian) zalaparta dezente sortu da euskararen erabilera dela-eta, plenotik oposizioko zinegotziek alde egin zutelako. Hernaniarrei esan behar dizuegu guk udaletxeak euskaraz funtzionatzea nahi dugula, barne funtzionamenduan gure lan hizkuntza euskara izatea bilatzen dugula; ez besterik.

Herritarrak Udalera nahi duzuen hizkuntzan zuzendu zaitezketela; hau da, euskaraz zein gaztelaniaz (nahiz eta guk euskaraz egitera animatu). Guk hernaniarron hizkuntza eskubideak errespetatuko ditugula, eta berdin tratatuko zaituztegula hizkuntza batean zein bestean egin. Udal barruan, berriz, euskaraz lan egin nahi dugu, eta hori argi dugu. Udaleko langile askok eta askok euskaraz lan egiten dute, eta euskararekiko jarrera oso ona da langileen artean. Hau ere argi utzi nahi dugu. Baina egun, Hernaniko Udalean elebitasunerako joera ia erabatekoa da, eta elebitasunean oinarritutako funtzionamendua gaztelaniaz funtzionatzea da; lana gaztelaniaz egiten da eta gero euskarara itzuli. Guk elebitasuneko ohitura honekin puskatu nahi dugu eta aldatu; euskaraz sortu eta euskaraz lan egin nahi dugu.

Hernaniko Udalak 20 urte baino gehiago daramatza langileak euskalduntzen, euskaltegietara bidaltzen, euskara ikasteko eta trebatzeko liberatzen. Ia langile guztiek egiaztatuta dute lanpostuari dagokion euskara maila. Esfortzu ikaragarria egin dute langileek eta Udalak. Zertarako inbertitu dugu hernaniarrok hainbeste ordu eta diru, euskaraz lan egiteko ez bada? Udalaren funtzionamenduaren beste elementu bat politikariok gara. Bildu osatzen dugun zinegotziok ez beste guztiek 8 urte baino gehiago daramate Udalean. Oposizioko zinegotziek urte guzti hauetan aukerak izan dituzte euskalduntzeko, edo gutxienez euskara landu eta zerbait ikasteko (ulermena landu, irakurtzen trebatu, ahozko azalpen laburra eman, iritziak adierazi...). Udalak baliabide ezberdinak eskaini dizkie: euskaltegietako klaseak, zinegotzientzako talde bereziak finantzatuz... Oposizioko zinego- tzi batzuek aukera hauek baliatu dituzte euskara lantzeko, eta beste batzuek ez. Batzuek eskainitakoa ez dute hartu, eta beste batzuek baliabide publikoak erabili ondoren ulertzeko gai ez direla esaten dute? Idatzi guztiak elebitan nahi dituztela? Zertarako inbertitu dugu hernaniarrok hainbeste ordu eta diru, euskaraz lan egiteko ez bada?

Hernaniko Bilduren jarrera argia da: euskaraz lan egin nahi dugu, baina komunikazioa ez dugu oztopatu nahi. Eta horretarako, komunikazioa eta ulermena ziurtatzeko baliabideak eskaini ditugu, eta eskaintzen jarraituko dugu.

Baliabideak bai (ahozko itzulpenak, azalpenak, laburpenak...) baina idatzi guztien etengabeko itzulpenik ez. Zinegotzi bakar batzuk (gutxi baitira) ulertzen ez dutelako, edo ulertzeko esfortzua egin nahi ez dutelako, Udalak etengabeko itzulpen zerbitzua eskaini behar die? Zein da honen kostua? Udalak hartu behar du bere gain esfortzua? Edo norberak egin behar du esfortzua? Gu, Bilduko zinegotziok, prest gaude esfortzua egin, eta, ahozko komunikazioaren bidez, behar diren azalpenak emateko eskatzen diren bakoitzean, betiere informazioa eta komunikazioa ahalbideratuz.

Espero dezagun hurrengo udal hauteskundeetan Hernaniko Udalerako hautagai guztiak elebidunak izatea (euskaldun guztiok elebidun baikara).

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo