GARA > Idatzia > Iritzia> Hemeroteka

Hasier Etxeberria, Zuzeu Albistaria 2011/10/3

Sarriri sari?

(...) premiazko eta arrapataka egindako gogoeta zenbait Euskadi Saria Joseba Sarrionandiari joan zaiola eta.

1- Euskadi Saria ez da lehiaketa bat eta, nik dakidala, Sarrik ez du bere burua edo lana bertara aurkeztu. (Beharrik ere ez). Argitaletxeak egingo zuen hori, egitekotan.

2- Sariaren antolatzaileek jakingo dute saria nori eman edo nori ez, baina ezinezkoa da inor saritzea saririk batere eman gabe.

3- Nik dakidala, Euskadi Sarien oinarrietan ez dator Justiziarekin zorrak kitatuta eduki behar dituzunik. Hala ere ulertzekoa da antzeko zerbait egotea «lege orokorragoetan». Baina hala bada, gobernuek beti begiratzen al dute saritzen dutenak kitatuta dituztela euren zorrak Justiziarekin? (Loteria daukat gogoan, bereziki).

4- Sariaren jabea, Jaurlaritza, alegia, ohartzen al da zernolako kakazaharra ekarri dion gainera Sarrionandiari: denen ahotan dabil berak eskatu gabeko saltsa batean, ezin du bere burua defendatu eta, gainera, ez (omen) du saririk jasoko. Ederra mesedea egiten diotena Iurretakori.

5- Denon agerian baino, eztabaida euren artean egin eta erabakia Kultura sailekoek epaimahikideekin hartu behar zuten, saria bera, idazle jendea eta Sarrionandia zipriztindu gabe. Arazoa baten bat ezin saritua bada, nola sarituko dute, ba? Ezin badute saritu, ez saritu eta kito. Epaimahaiak dimititu egingo zukeela? Hori beste enbor bateko ezpala litzateke. Izanak izan, ez dirudi epaimahaiburua ere oso ados dagoenik gertatutakoarekin, honakoa dioenean: «Polemika edo zeresana sortuko zuela bagenekien eta kezka hori esplizituki aitortu dugu epaia ematerakoan. Guri, halere, ez zitzaigun ezer komunikatu antolaketaren aldetik. Gainera, Sarrionandiak sariketara aurkezteko baldintza guztiak bete ditu. Hori esan ondoren, aipatu behar dut ez zaidala ondo iruditu Eusko Jaurlaritzak hartu duen erabakia. Hedabideetan irakurrita enteratu naiz, gainera. Pertsona batek, bere berezitasun guztiekin, baldintza formal guztiak beteta sariketara aurkeztu da eta sariketa hori irabazi egin du. Baldintzarik ez badu betetzen saria irabazteko, sariketara aurkezteko ere ez».

6- Ildo beretik azpimarra: nola onartu dute sariketan eskuartzea  saria merezi izateko gai ez (omen) den norbait/zerbait?

Eskerrak duela gutxi Sarrik esan zuen moduan, berak ez duen elefante zuririk ezertarako behar.

Eta behin honaino iritsita, ez esan niri ez daukanik balbea Euskadi Sariak: noiz balioko du ekartzeko poz apur bat nola jabeei, hala idazleei? Noiz balioko du kakanahasteak haizatzeko baino, letrak eta idazleak goratzeko eta irakurzaletasuna handitzeko?

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo