GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Edorta Jimenez | Idazlea

Apaizak kartzelatik ihes egin nahian

Zamorako apaiz presondegian gertatu zirenen artean, bost euskal apaizek kartzelari su eman ziotenekoa izan zen munduan ezagunena.

Atzo bete ziren berrogei urte. Zamorako Konkordatu Kartzelan ziren sei euskal apaizek tunela zeukaten kanporaino egina. Ez zuten besterik egin behar une egokia izan arte itxaron baino. Kanpoan ere dena prest zegoen. Jendeak eta autoak bertan, eta ezkutalekuak prest. Tamalez, kartzelarietako batek, txiripaz, tunela antzeman zuen. Ihes egiteko ahalegina bertan geratu zen.

Apaiz presondegia Vatikanok eta Espainiako Estatuak sinaturik zuten Konkordatuaren mende atondu zuten, Zamorako kartzela arruntaren hegaletako batean. Hango lehenengo maizterra Alberto Gabikagojeaskoa izan zen, 1968an preso sartua. Azkenak Julen Kaltzada eta Jon Etxabe izan ziren. Bi hauek kartzelatik komentu banatara eraman zituzten, 1976ko martxoaren 24an. Kartzelaren berririk ez zen harrezkero inon aditu. Urte tarte horretan berrogei euskal apaiz eta Espainiako Estatuko beste zenbait izan ziren kartzelan, batzuk tarte laburrez eta beste batzuk urteetan. Han gertatu zirenen artean, bost euskal apaizek kartzelari su eman ziotenekoa izan zen munduan ezagunena, aldareari ere su eman ziotela-eta sortu zen eskandaluagatik. Gose grebak eta erresistentziako beste ekintza batzuk ere gauzatu zituzten bederatzi urteko tarte hartan. Aipagarriena eta beharbada ezezagunena, ostera, ihes egin nahi izan zutenekoa da.

Tunelaren zuloa egiten hasi, 1970ean hasi ziren. Esan bezala, atzoko egunez erori zen ihesaren proiektua. Satorrak lau izan ziren, alegia, Alberto Gabikagojeaskoa, Julen Kaltzada, Xabier Amuriza eta Josu Naberan. Nikola Telleria ere hantxe izan zen, baina apenas parte hartu zuen lanetan, oso gaixorik baitzegoen. Izan ere, kartzelan sei urte eman ondoren, gehienak oso gaixorik, handik irtenda laburrera hil zen.

Euskal Herriaren historian orrialde erabat berezia merezi duen kartzelaren historia Durangoko Azokarako argitaratuko da, Txalapartaren eskutik. Liburuan, orduko politika, erlijio eta gizarte giroaren berri zehatza emateaz gainera, kronologiak, izen zerrendak, dokumentu politikoak eta beste apaiz batzuen testigantzak bilduko dira, gehienak euskaraz. Liburuan galegoz, katalanez eta gaztelaniaz idatzitako lekukotasunak ere bilduko dira, han izan ziren erdaldunetako batzuek idatziak. Horiez gainera, argazkiz eta beste osagarri grafikoz horniturik etorriko da.

Liburuaren koordinazio lanak Angel Zelaietak egiten ditu eta berak adierazi digu liburua ia inprentarako prest dela. Liburuaren apailatzeak hiru bat urteko lana hartu du eta, denbora tarte horretan jakin-min handia sortu du. Etorri ere, une ezin egokiagoan dator. Hots, batzuek gure iragan hurbilaren «historia ofiziala» idatzi eta hori egiatzat kontsakratu nahi duten honetan. Historia horrek Zamorako Konkordatu Kartzela gogoan izango duen ere ez dakigularik, egiazko edozein historiak liburuan kontatzen eta azaltzen direnetan bilatu ahal izango ditu gure iragana eta oraina ulertu ahal izateko giltzetako batzuk.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo