GARA > Idatzia > Kultura

Biolinarekin lagunduta joko dute soinua X. Nazioarteko Trikitixa Jaialdian

GARA | DONOSTIA

Hamargarren Nazioarteko Trikitixa Jaialdia urriaren 28an egingo dute, 22.00etan Andoaingo Bastero Kulturgunean. Euskal Herrian ez dago ohitura handirik soinua biolinarekin laguntzeko; normalean panderoa izaten du ondoan, baina jai honetarako propio elkartu dituzte zenbait bikote edo talde trikitia eta biolina protagonista izan daitezen.

Berrikuntza gehiago ere bada: asteburuan Oñatira zabalduko da jaia. Workshop-ak (solasaldi musikatuak), kalejirak, tabernetako emanaldiak, herri afaria eta erromeria prestatu dituzte larunbaterako. Igandean, aldiz, 17.30ean hasita, Nazioarteko Trikitixa Jaialdia egingo dute Rodrigo Mercado de Zuazola Institutuan.

Arkaitz Miner eta Joseba Tapia musikariek eta Maider Jauregi eta Eneritz Gorrotxategi Trikitixa Elkarteko idazkariek aurkeztu zuten astelehenean jaialdia. Iragarri zutenez, Andoaingo sarrerak Kutxaneten eta Servikutxaren bidez eskura daitezke aldez aurretik, baita leihatilan ere egunean bertan (ordubete lehenago irekiko dute). Oñatin ere era berean erosi ahal izango dira txarteldegian, eta aurretik, Urbia eta Umerez tabernetan eta kultur etxean.

Sei talde esanguratsu

Bikote edo talde esanguratsuak gonbidatu dituzte, hiru atzerrikoak eta beste hiru hemengoak. Cyrille Brotto eta Alexandra Lacouchie Okzitaniatik etorriko dira. «Belaunaldi berriko soinujole esanguratsuenen artean dago Brotto, bertute handiko musikaria. Eta bere eta Lacouchie biolin-jotzailearen dohainek bat egin dute musika proiektu berri bat sortzeko», agertu zuten jaialdiaren bultzatzaileek.

Stephen Doherty eta Patrick Doocey irlandarrek eta Gaztela Leongo Jorge Arribasek eta Diego Galazek ere parte hartuko dute. Hemengo ordezkariak, azkenik, Arrabots Taldeko Arkaitz Miner eta Gari Otamendi; Jon Ostolaza eta Juan Arriola bikotea; eta Maixa Lizarribarrek, Ines Osinagak, Maite Loidik eta Xabier Zeberiok osatutako taldea izango dira.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo