GARA > Idatzia > Kultura

Hamaika euskal film labur lehiatuko dira 53. Zinebi jaialdian

Ohi baino lehenago, azaroaren 11tik 18ra bitartean ospatuko da aurten Zinebi jaialdia. Ohorezko Mikeldi sariek Xavier Elorriaga aktorea eta Liliana Cavani zinegilea omenduko dituzte eta sail bereziak eskainiko zaizkie, besteak beste, Luc Moullet frantziarrari eta Palestinako zinemari. Sail ofizialean sekula baino euskal film gehiago ariko dira lehian.
p051_f01_198x96.jpg

Ane ARRUTI | BILBO

«Munduko leiho» izatea eta «Bilboko erakustoki» bihurtzea helburu duen 53. Zinebi dokumental eta film laburren nazioarteko zinemaldiak 33 herrialde ezberdinetako 3.021 film jaso ditu aurten lehiaketan parte hartzeko eta horietatik 73 aukeratu dituzte sail ofizialerako. Ernesto del Rio jaialdiaren zuzendariak atzo azpimarratu zuenez, aurreko edizioetan baino euskal film gehiago aukeratu dituzte, hamaika guztira, «ikusi dugulako kalitatezko lanak direla eta lehiaketan parte hartu behar dutela».

Euskal Herriko zuzendariak honakoak dira: Ivan Caso, Roberto Caston, Javier Etxaniz, Gregorio Muro, Galder Gaztelu-Urrutia, Jose Muniain, Roberto San Sebastian, Jon Aitz Urrutxi, Niko Vazquez, Haritz Zubillaga eta Jon Garaño.

Xabier Arakistain Montehermosoko zuzendariak, Mohanad Yaqubi zinegile palestinarrak eta Pepita Ferrari zinegile kanadarrak osatuko dute, besteak beste, aurtengo epaimahaia. Fikzio, dokumental eta animazio ataletan Urrezko eta Zilarrezko Mikeldiak banatuko ditu jaialdiak ohi duen bezala eta aurten ere bi pertsonaia omentzeko probestuko ditu Ohorezko Mikeldiak. Lehenengoa, inaugurazio ekitaldian banatuko dena, Xavier Elorriaga aktorearentzat izango da. «80ko hamarkadan `euskal zine berria' izena jaso zuenaren protagonistetako bat da», esan zuten antolatzaileek. Bigarrena, berriz, Liliana Cavani zinegile italiarrak jasoko du amaiera ekitaldian. «Zine inkonformista, eztabaidatua, inolako dogmatismorik gabea, oso bitxia eta adierazpen intelektualez eta estetikoz betea egin du», goraipatu zuen Luis Eguiraun programatzaileak. Bere lanak ikusteko aukera izango da jaialdian, «Il portiero di notte» (1974) klasikoa, esaterako.

Inaugurazio eta itxiera ekitaldiak Arriaga antzokian egingo badira ere, aurtengoan Alondegiko zinema aretoak izango dira jaialdiaren egoitza nagusi. Hala ere, Guggenheim museoan eta Kale Nagusiko BBK aretoan ere egingo dira zenbait emanaldi.

Palestina, Nouvelle Vague...

Sekzio ofizialaz gain, izango da gainerako ziklo paralelotan zer aukeratua. Horietako bat Luc Moullet errealizadore, irakasle, kritiko, saiakeragile eta gidoigile frantziarrari eskainitakoa izango da. «Nouvelle Vague bultzatu zutenen artean ezezagunenetakoa da», azaldu zuen Del Riok. «Genèse d´un repas» (1978), «La comédie du travail» (1987) eta «La terre de la folie» (2009) film luzeak proiektatuko dira, eta ikasgai magistral bat ere eskainiko du.

Beste sail interesgarri bat zinema iraultzaile palestinarrari buruzkoa izango da. «Filmokin gatazkaren jatorriaren hausnarketa historiko bat egin nahi dugu». Subversive Films ekoiztetxe palestinarraren laguntzaz, Mustafa Abu Alí, Qais Zubaidi, Mohammad Malas edo Jean-Luc Godarden filmak izango dira ikusgai.

Aipatzekoak dira ere «Heriotzaren ondorengo fikzioak» eta «Masao Adachiren zinea» zikloak. Horrez gain, Judy Irola eta Pepita Ferrarik dokumentalari buruz egingo duten solasaldia, Calarts Kaliforniako zine eta arte eskolako kideen esperientziari eskainiko zaion tartea, bideoarte eta zinemak telebistarekin duten harremanaren azterketak... izango dute lekua Zinebin. Gainera, Arriaga antzokiak «InfoEuskadi» eta «InfoSpain» emanaldiak egingo ditu, lehiaketan sartu ez diren film laburrekin.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo