GARA > Idatzia > Kultura

Seydou Boro afrikarren zaldi mugimenduak Bilbon izango dira gaur emanaldi bakarrean

BAD Bilboko Antzerki eta Dantza Garaikidearen Jaialdiaren baitan, Seydou Boro afrikar konpainiak «Le tango du cheval» ikuskizunaren emanaldi bakarra eskainiko du gaur, 19.30ean, Bilboko Campos antzokian.

p041_f01_147x104.jpg

GARA | BILBO

«Le tango du cheval» (Zaldiaren tangoa) dantza ikuskizuna ikusteko aukera izango da gaur Bilbon, Seydou Boro dantza garaikideko afrikar konpainiak Estatu espainolean egingo duen lehen emanaldian. «Le tango du cheval» euren azken lana da. Zortzi dantzarik eta zuzenean arituko diren hainbat musikarik hartzen dute parte eta zaldien mugimenduak ditu oinarrian. Bilbon egingo den emanaldi bakarra Campos antzokian izango da, 19.30etik aurrera.

Uagadugun, Burkina Fasoko hiriburuan, Salia Sanou eta Seydou Boro koreografoek ikastetxe bat zuzentzen dute, eta ikastetxe hori, gainera, euren konpainiaren eta Dialoges de Corps jaialdiaren egoitza da. Bi sortzaileek Estatu frantziarrean ezagutu zuten elkar, Montpellierreko Zentro Koreografikoan lanean ari zirela.

«Afrikako sorkuntza lan guztia tradiziora mugatutako adierazpen bilakatu duten estereotipo exotikoetatik eta folklorikoetatik kanpo, koreografo afrikarren belaunaldi berri oso bat lanean ari uneotan eta Sanou eta Boro bertako kide dira», azaldu dute antolatzaileek. Biak ere, «sorkuntza lan berria bultzatzen duen mugimendu horretako kide» dira, «diziplina anitzetako prestakuntza dutelako eta euren ikuskizunetan dantza antzerkiarekin, zinearekin eta zuzeneko musikarekin nahasteko interesa dutelako».

1993an Mathilde Monnierren konpainian aritu ziren bi koreografoak eta bertan ikasitakoarekin lehen ikuskizuna sortzeko aukera izan zuten. Nazioarteko Dantza Lehiaketako Sari Nazionala lortu zuten obra horrekin eta beste zenbait pieza egin ahal izan zituzten. 1997an, egoitza Burkina Fason duen konpainia sortu zuten, 2001ean Dialogues de Corps Jaialdia Uagadugun, eta 2006an garapen koreografikorako Afrikako lehen zentroa.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo