GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

Aitzol ATUTXA | Aizkolaria

«Nire lehen helburua entrenamenduetan egiten dudan lana egitea izango da»

Aitzol Atutxa izango da maila nagusiko finalean arituko den lehen bizkaitarra. Orain dela 50 urte inguru, Chato de Zeanuri ere aritu zen, baina lana eta baldintzak ezberdinak ziren. Oraingo baldintzetan lehiaketa hau egiten hasi zenetik, nafarrak eta gipuzkoarrak izan dira bakarrik finaletan, baina Atutxak bolada hori apurtu du, eta, zerbait gertatu ezean, seguruenik ohikoa bihurtuko da hurrengo finaletan ere.

p038_f01_148x172.jpg

Jon LEUNDA

Aitzol Atutxa lehen aldiz arituko da igandean Elizondon jokatuko den Lehen Mailako Euskal Herriko finalean. 23 urte ditu, eta neurketako gazteena ere bera izango da.

Ilusio handiarekin iganderako?

Ikaragarriarekin. Azken batean beti amesten nuen finala da hau, eta han izango naiz aizkolaririk handienekin. Gazteena ere banaiz, eta horrek guztiak ikaragarrizko ilusioa egiten dit.

Azkenaldian final asko ari zara jokatzen. Hau al da jokatu dituzunen artean politena?

Urrezko Aizkorako Binakakoa Azurmendirekin irabazteak ilusio handia egin zidan, baita Buruz Burukoa jokatzeak ere, baina uste dut denetan garrantzitsuena Euskal Herrikoa dela, eta hor egotea handia da.

Urrezko Aizkorako finalean nerbioek pasada handia eman zizuten. Iganderako horren kezkarik ba al duzu?

Uste dut orduan baino lasaiago nagoela. Urrezko Aizkoran irabazteko aukerak ere ikusten nituen, eta, gainera, finalean bi bakarrik ginen. Hemen gauzak aldatu egiten dira. Sei aizkolari arituko gara, eta ez dut uste txapela lortzeko aukerarik dudanik; lasaiago joango naizela uste dut.

Orain arte final hauek nafarren eta gipuzkoarren artekoak bakarrik izan dira. Lehen bizkaitarra izatea ez al da ohore handia?

Bai, dudarik gabe. Lehen Chato de Zeanuri ere aritua da, baina aspaldi, orain dela ia 50 urte, eta orduan Espainiako Txapelketa deitzen zitzaion, ez zegoen orain bezala araututa ez eta lan berdina ere. Beraz, aro modernoko lehen bizkaitarra naiz, eta niretzat ohorea da. Horrekin batera, Bizkaian ere, saiatuz eta lana eginda maila honetara hel gaitezkeela erakutsi dudala uste dut.

Iganderako zerk ematen dizu kezkarik gehien?

Lanak. Egia da galtzeko ez dudala ezer, eta, lehen esan bezala, horrek lasaitasuna ematen dit. Hala ere, lana handia da eta ez dut besteak amaitu eta handik ordu erdira amaitzerik nahi; horrek urduritzen nau apur bat.

Zure helburua bosgarren postua izango al da?

Hasteko, lan ona egitea; hori izango da nire helburua. Nik entrenamenduetan egiten dudana egiten badut, gustura geratuko naiz. Gero, horrek aurreneko bostetan sartzeko balio badit, saria izango da, Urrezko Kopan aritzeko moduan izango naizelako, eta hori ere ederra izango litzateke; baina ez naiz kontu hori buruan hartuta joango.

Etorkizunera begira, zaleek itxaropen handiak dituzte zugan. Horrek ardurarik sortzen al dizu?

Bai. Jendeak zuzenean esaten dit hori, nik txapela irabaziko dudala eta horrelakoak, eta azkenean ardura sortzen dizu. Horiei hutsik ez egiten saiatuko naiz, baina gaur egun, nitaz gain, gazte mordo bat daude ongi dabiltzanak, eta horiek ere izango dute zeresana. Hala ere, jendeak nigan itxaropena izateak, lanean jarraitzeko ere balioko dit.

Pasa den astean Bizkaiko Binakako txapela irabazi zenuen. Honelako final baten aurretik indarra emango zizun, ezta?

Bai. Aitarekin aritu nintzen eta berarekin txapela irabazteak ilusio handia egiten dit. Gainera, tripetako minak jota nenbilen, ez nintzen nire punturik onenean joan, baina irabazi egin nuen, eta horrek aurrera begira ere indarra ematen dizu. Irabaztea beti da polita, eta are gehiago joan nintzen bezala joanda. Aitak ere lan handia egin zuen.


 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo