GARA > Idatzia > Kultura

Susak 142 liburu jarri ditu e-book formatuan, 3,54 euroan eta libre

Katalogo zabal samar batekin eta argitaletxe handienek ez bezalako espirituarekin ekin dio Susak liburu elektronikoen bideari. Bi bilduma nagusiak, poesia eta narratiba, jarri ditu e-book formatuan salgai Internet bidez, bakoitza 3,54 euroan (bi euro idazlearentzat izanen dira, euro bat argitaletxearentzat eta zentimoak BEZari dagozkio). Bada bertze berezitasun bat: deskarga borondatezkoa da, sinetsita baitaude jendeak ordaindu eginen duela.

p042_f01.jpg

Maider IANTZI | DONOSTIA

AEBetan, Britainia Handian, Japonian... liburu elektronikoak ikusten dira metro, autobus, terraza edo aireportuetan, gero eta jende gehiagok erabiltzen dituelako halako tramankuluak irakurtzeko. Euskal Herrian ez dira hainbertze; atzo goizean, ordea, ezustea hartu zuten Susakoek eskaintza egin orduko zenbat liburu saldu zituzten ikusita.

«Dagoeneko 11 saldu ditugu, denak titulu ezberdinak», iragarri zuen Gorka Arrese editoreak 11.00etan aurkezpena hasi zuenean. Eta orduak igaro ahala, zenbaki hori handitzen joan zen: «Orain hamazazpi dira, orain 21...», abisatzen zigun kontent. «Egin duzuen ahalegina saritzeagatik erosi dizuet», «hiru ale eskuratu ditut merezi duzuelako» eta halako animozko mezuak jasotzen ari ziren. Erantzuna bizkorra eta bizia izaten ari zen, sustatzaileentzat harrigarria. Hala ere, normalena momentuko gauza izatea zela eta gero gutxi-gutxi saltzea espero zutela adierazi zuen zuhur.

Dendan bezala aukeratzen

Jendeari deigarriena egin zitzaiona liburu elektronikoak DRMrik gabe eskaintzea izan zen. Arresek argitu zuenez, DRM obrak barrenean daraman kontrol edo giltzarrapo bat da; kopiak egitea ekiditen du eta tramankulu gutxi batzuekin lotu. Batek bost aparatu motatan erabiltzeko aukera eman dezake eta bertzeak hirutan.

Argitaletxe txiki honek, ordea, giltzarraporik gabe, libre deskargatzeko aukera eman nahi izan die irakurleei, liburu dendetan egiten dutenaren antzeko zerbait egin dezaten: apaletan izenburuak ikusi, interesgarriena iruditzen zaiena hartu eta zabaldu, gero esaldiren batzuk irakurri lana gustatuko zaien ala ez ikusteko...

Editoreak gaineratu zuenez, DRM kontrolarekin egiten denaz gain, bertze erabilera nagusi bat dago, fitxategiak dohainik deskargatzea edo «pirateatzea». «Susmoa dut euskaraz irakurri nahi duten lagunek oso gutxi erabiltzen dutela e-booka, prezioak altuak direlako [paperezkoen adinakoak ia] eta gutxi pirateatzen direlako. E-mulen sartu eta ez duzu euskarazko lanik apenas topatuko, apenas edo batere. Horrek ematen du liburu elektronikoen erabileraren gaur egungo neurria».

Egoera honetan, Susak bi urte daramatza liburu elektronikoekin nola jokatu pentsatzen: nola funtzionatzen duten aztertzen, zer diseinu eta formatu baliatu daitezkeen ikusten... eta, batez ere, idazleekin mintzatzen. Idazleek liburuak ahalik eta jende gehienak irakurtzea nahi dute eta horretarako hagitz lagungarriak dira formatu ezberdinak. Liburu bat paperean aurkeztean Susak Interneten ere zintzilikatzen du, argitaletxearen webguneko Amarauna atalean, eta hemendik aitzinera, hirugarren formatu batean ere aterako du obra egun berean, e-book formatuan (susa-literatura.com/ebook helbidean).

Oraingoz, 66 idazleren 142 lanekin eman diote hasiera katalogoari. Webgunera sartu eta azkeneko nobelak agertzen dira, PDF eta EPUB formatuetan: «Zaharrak ez zuen hil nahi», «Zamaontzia», «Scanner»... Eta aurrerantzean lan berriak gaineratzen joanen dira.

3,54 zentimoko prezioa zergatik jarri duten galdetuta, BEZari buruz mintzatu zitzaigun Arrese eta argitu zigun liburu elektronikoek %18ko BEZa dutela, gainerako produktu elektronikoen parekoa; paperezkoek, ordea, %4koa dute, kulturako produktuen antzera. Legediak biak parekatu beharko lituzkeela iruditzen zaio editoreari, e-bookeko bertsioa ere liburua eta kultur produktua delako; hala eginen balute, Susakoek ez liokete bezeroari zerga ordainarazi beharrik izanen eta 3 euroko prezioa jartzen ahalko lukete.

EZTABAIDA

Susa argitaletxeko kideek eztabaida etorriko dela uste dute, giltzarrapoarekin edo DRM kontrolarekin eta ia-ia paperezkoen prezioan saldu ohi direlako liburu elektronikoak.

AEBetan azkar hedatzen ari da, ez horrenbeste Europan

Herri batzuetan, Ameriketako Estatu Batuetan errate baterako, azkar ari da handitzen liburu elektronikoaren merkatua. Datuek ez dute zalantzarako tarterik uzten: 2010ean bikoiztu egin ziren 2009ko salmentak, eta liburu elektronikoak paperezkoak baino gehiago saltzen dituela jakinarazi zuen Amazon atariak maiatzean. Europan, bertzelako egoera bat marraztu zuten ekainean Milanen egindako Editech nazioarteko konferentzian. Bertan erran zutenez, Estatu espainiarra, Herbehereak eta bertze batzuk lehenbiziko urratsak egiten ari dira arlo honetan, eta Alemanian eta Italian ere ezin da oraindik liburu digitalak merkatu bat duenik erran.

Bitartean, Euskal Herrian apustu batzuk ikusten ari gara. Joan den urteko azaroan, zazpi argitaletxe elkartu ziren -Alberdania, Elkar, Erein, Pamiela, Ttarttalo, Txertoa eta Arrain- Gurebook proiektua sortzeko. 166 liburu digitalekin ireki zuten www.gurebook.com webgunea eta geroztik lan gehiagorekin osatzen ari dira, euskarazko nahiz gaztelaniazko argitalpenekin. Oraintxe 358 lan dituzte, hainbat preziotan, merkeenak 3 euro balio ditu eta garestienak 22, 15. M. I.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo