GARA > Idatzia > Kultura

Bilboko Arriaga Antzokiak «La caída de los dioses» antzezlana eskainiko du

GARA | BILBO

Antzerkia Bilboko Arriaga Antzokira itzuliko da «La caída de los dioses» obrarekin hilaren 4tik 6ra bitartean. Tomaz Pandurrek zuzenduta eta Teatro Español konpainiak ekoitzita, antzezlanak bederatzi aktore eta musikari bat biltzen ditu agertokian. Hau da: Belen Rueda, Nur Levi, Manuel de Blas, Francisco Boira, Pablo Rivero, Fernando Cayo, Alberto Jimenez, Emilio Gavira, Santi Marin aktoreak eta Ramon Grau pianista izango dira oholtza gainean.

Tomaz Pandur eszena zuzendariak Luchino Visconti omendu du zinemaren historiako film onenetako baten («La caduta degli dei») antzerkirako moldaketa honekin. Obra horrek kontatzen du nolakoa den Alemaniako familia aristokratiko baten gainbehera eta desegituraketa Hirugarren Reicharen hasieran. Zalantzan daudenez nazien alderdia babestu edo mespretxatu behar ote duten, familiako kideek Von Essenbeck baroia -patriarka- erailko dute eta boterea lortzeko borroka odoltsu batean murgilduko dira.

Emanaldiak 20.00etan hasiko dira gaur eta bihar, eta 19.00etan igandean. Sarrerak salgai daude jada, 8 eta 23 euro bitarteko prezioetan Arriagako txarteldegian, 944 310 310 telefonoan, BBK-ko orotarako kutxazainetan eta www.teatroarriaga.com web orrian.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo