GARA > Idatzia > Iritzia> Txokotik

Oihana Llorente Kazetaria

Ongi etorri, Ion!

Urteak dira elkar ezagutu genuela. Arbelari alergia genion horietakoak ginen biak eta idazmahaien azken ilaratan egin genuen topo. Ikasgelan zarata egiten zuten horietakoa zinen eta azkar bilakatu zinen kazetaritzako ikasleen ordezkari. Bertsotan trebea, pilotazalea eta txistuan aditua. Zure afizioek ez gintuzten gehiegi gerturatu, ezta ikasgela barruan emandako orduek ere. Txikarra egiten egin ginen lagun, oso lagun gainera.

Kazetaritza ikasketak esfortzu gutxirekin gauzatzen abilak ginen biak, mila pegada, pankarta, eta itxialdi egiten genituen bitartean. Euskal Unibertsitatea eskuekin ukitzen ari ginela uste genuen orduan. Milaka sinadura bildu genituen nekerik gabe, ilusioak eta proiektuak egunero eraberritzen. Karrera bukatuta, edo erdi amaituta hobeto esanda, bidea elkarrekin egiten jarraitu genuen. Gaztesarean idatzi genituen lehen artikuluak, gure hitzak gazte proiektuen bozgorailu bilakatuz. Prekarietateari, emakumeen eskubideen aldeko borrokari edo gure hizkuntzaren defentsari gazte ikuspegia txertatzen aritu ginen ondoren. Eta Beriain mendiaren magalean, lau egunez bederen, independentzian bizi gaitezkeela frogatu genion munduari.

Ogibideak berriz elkartu gintuen horren ondoren, ni GARAko kazetari eta zu Info7ko esatari. Errepresioak ehunka kilometrora eraman zintuen arte. Euskal gazteriaren aurkako sarekada bihozgabeenean eraman zintuzten. Ikara zabaldu nahi zuten herri honetako kolektibo konprometituena den gazteriarengan. Ametsak zapuztu eta, beldurraz eta immobilismoaz, gazteria blaitu. Herri honen etorkizuna kolokan jarri nahi zuten.

Bi urte igaro dira Estatuaren atzaparkada hartatik. Bide luzea egin dugu tarte honetan. Ez da dena samurra izan; zuk hori ere badakizu. Haatik, ekaitzaren ostean barea omen dator, eta urte luzeetan ereindako uzta jasotzeko tenorea iritsi zaigula dirudi.

Eguzki izpiak ikusten dira gure artean, eta gazteriaren aurkako epaiketa eta sententzia artean, belaunaldi berri batek hartu du lekukoa. Oraina eta geroa eurena dela adierazi dute argi eta garbi egunotan, eta gogoz eusteko asmoz agertu dira gainera, aurpegia emanez.

Gaur, berriz, gure artean zaude. Herri honek erdituko dituen berrien berri ematen jarraitzeko. Ongi etorri Ion!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo