GARA > Idatzia > Iritzia> Zorroztarria

Julen MURGOITIO

Zorionak Anoeta!

Musulmanak Mekara bizitzan behin bezala ezkerreko subiranistak ere Anoetara behin, hautes- kunde kanpainan. Baten batek erraz topatuko du hitzotan fundamentalismoaren arrastorik; are gehiago Anoetako burua belodromoa dela kontuan hartuta. Hortaz, belo horrenak lagundu egin liezaioke arrasto bila joate horretan. Mekawen!. Analista politiko batzuek Anoetaren atzizkiaz ari direnean aurrizkitik pentsatzen dutela dirudi; horra analista izatearena!. Tira, fundamentalista anoetarrak gara gu, fundamentuz beteriko gizabanako taldea. Ganorazko fundamentua da gurea. Funtsezko ganora. Anoeta gizajoa! Zazpi urte giza-berorik ez duzula sentitu; urte bat euskal lurralde bakoitzeko. Azkeneko hartan palestinarren lepokoa ikusi eta olibondo-adarra sentitu zenuen zure baitan. Hutsezko hotza izan da zurea aparteko apartheid denboran. Baina atzo, ostera, berriro ere beroak bete zaitu, udazkeneko beroak bete ere. Merkurioa bor-bor jarri arteko beroa. Odolak su gabe dirakian seinalea. Beroketa globala, esan liteke. Klima politikoa aldatzen ari den ikurra. Udaberriaren azkenean tsunamia ekarri zuen klima aldaketak lurrikara ekarri behar du udazkenaren erdi honetan, hainbat lur transgeniko ikaratzeko modukoa eta ate joka dugun neguaren hotza gozo-gozoan sentitu dezagun, merku- rioak berak ere.

Zorionak Anoeta!. Herri honen historia garaikidean leku propio duzu irabazita. Hizki handiz idatzia ere. Eta, hauxe kolpea zurea! inoiz ez duzu ezer esan, ezpainak mugitu ere ez dituzu egin; zurea entzutea izan da, besterik ez, adi-adi entzutea eta barruan entzundakoa zure ormen oihartzunez kanpora zabaltzea, zazpi haizetara, barealdietan ere. Apaltasuna, zurea. Zu bai zarela Herri honen ondare, interes orokorreko azpiegitura; zerikusirik ez izen bereko beste zer askorekin. Izena eta izana, beste behin ere. Ohorea gero zure erraietan hartu gaituzun guztiontzat!. Atzo zure barruan izana ez zen izan kanpaina baten beste ekitaldi bat, ezta hurrik eman ere!. Han izana politikatik haratago doa, politika ofizioz hartu duten fededunek sekula, santa izanda ere, ulertuko ez dutena. Anoetarena ilusio, emozio, sentimendu, bizipen, malko eta irrien multzoa da. Bestelako politika ulertzeko modua. Bestelako mundua posible egingo duen bidetik. Planeta osoaren bide horretan Euskal Herria bere leku bila dabil, eta belodromoan du tarteko helmuga. Harri ibiliak goroldiorik ez.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo