GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

HAUTESKUNDEAK GARAI BERRIAN

Basagoiti: «Amaiurrekoak ez dira `bake gizonak'»

GARA | BILBO

Azkeneko inkestek Amaiurren emaitzak onak izango direla aurreikusi ondoren, hautagaitza honen aurkako diskurtsoa gogortu dute gainerako alderdiek. Horrelaxe egin du, esate baterako, Antonio Basagoiti PPko agintariak Madrilgo irrati batean. Mariano Rajoyren gobernu taldeko kidea izango omen den Madrilgo alkate Alberto Ruiz Gallardon, bestalde, Amaiur ETArekin lotzen ahalegindu da, erakunde armatua existitzen den bitartean Amaiur ez dela beste edozein hautagaitza bezalakoa izango argudiatu baitu.

Basagoitiri dagokionez, koalizio horretako kideak «ez dira `bake gizonak'», esan du ABC Punto Radio kateari emandako elkarrizketa batean. Bere garaian Jose Luis Rodriguez Zapaterok Arnaldo Otegiri buruz mintzatzean erabilitako esamoldea erabili du, beraz. Azken honi buruz, gainera, «dagoen tokian egotea [kartzelan] ona da agian», aipatu du Basagoitik.

Elkarrizketan, egunen batean Otegi lehendakari izan ote litekeen galdetu diote Basagoitiri, eta zera erantzun du: «Batasunak, Amaiurrek edota Bilduk saiakera hori egingo dute agian, baina erabateko konfiantza dut euskal gizartean. Euskal herritarrok ezin gaitu horrelako pertsona batek ordezkatu, espetxean dagoen pertsonaia da. Otegi espetxean dagoenetik aurrera- pen handiak egin ditugula esaten dute batzuek, eta ondorioz agian hor dago irtenbidea, agian dagoen tokian egotea ona da».

«Ez gaituzte nahastu behar», erantsi du Euskal Herrian PPko agintari nagusi denak. «Zuhurtziaz jokatu beharra dago. Eta norbaitek dominaren bat jaso behar badu, Estatuko segurtasun indarrak edota terrorismoaren biktimak dira horiek, beste inork ez».

Amaiur koalizioari dagokionez, ez duela ezer onik espero ere adierazi du Antonio Basagoitik. «ETAren adar politikoak ez dio ezer onik ekarriko ezeri. Bistan da Amaiur Batasunaren estrategia dela, Batasuna delako hor agintzen duena». Salatu zuenez, Bildu Auzitegi Konstituzionalak baimendu ondoren, ezin zen Amaiurren aurka egin, eta ondorioz igandean hautestontzietan haren botopapera egotea ezin izan da ekidin. «Baina argi izan behar dugu Amaiurrekoek ez dutela bakea ekartzen, ez direla onak, ez direla inolaz ere `bake gizonak'», ohartarazi du.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo