GARA > Idatzia > Euskal Herria

Instituzioaren eztabaidan Lurralde Elkargoaren parioa egin du baterak

Lurralde kolektibitateen erreformak instituzioari buruzko eztabaida berpiztu du Ipar Euskal Herrian. Herri elkargoen berrosatzea edo «Pays» egituren desagertzea aipatzen ditu erreformak. Instituzio berria zehazteko lan horretan Baterak bere proposamena egin du: Lurralde Elkargoa.

p019_f01.jpg

Ainize BUTRON

Zein instituzio eratu Ipar Euskal Herriarentzat? 2013a bitartean lekuko agintari eta egiturek hausnartu beharko duten gai nagusia da hori. Frantses Gobernuak lurralde kolektibitateen erreforma bultzatu duelarik, 2013an pays izeneko egitura desagertuko dela jakinarazi zuen. Askorentzat sinbolikoa bada ere, azken hogei urteotan Ipar Euskal Herria egituratu duen entitate bakarra da pays delako hori. Garapen Kontseilua eta Hautetsien Kontseilua bultzatzeaz gain, Estatuarekin, Akitaniako Kontseiluarekin eta Pirinio Atlantikoetako Kontseilu Nagusiarekin adostutako Lurralde Hitzarmenak lantzeko aukera eman du.

Ipar Euskal Herriarentzako instituzio bat zehaztearen inguruko auzia pil-pilean dago beraz, eta, bidegurutze horretan, Batera plataformak proposamen zehatza egina du: Lurralde Elkargoa. Eskaera hori gizarteratzeko kanpaina bat abiatu du. Hala, joan den asteburuan Baionatik hasi eta Mauleraino, hamabost bat eztabaida-foro egin zituen. Horietan 545 herritarrek parte hartu dute, horien artean, 80 hautetsik.

Duela hamar urte, besteak beste, Ipar Euskal Herriarentzat departamendua sortu beharra zegoela aldarrikatzen abiatu zen Batera. 2010eko martxoan herri kontsulta bideratu eta 35.000 lagunen parte hartzea lortu zuen (%80 berezko instituzioaren gaiari heltzearen alde agertu zen). «Urtebetez `tropak' bakean utzi ditugu, baina hutsune bat agerian geratu zaigu: Lurralde Elkargoaren eskaera ez dago aski gizarteratua. Departamendua zer zen denek zekiten, baina erreformarekin nahasketa handia dago, eta askok ez dakite zertaz ari garen Lurralde Elkargoa aipatzen dugularik», nabarmendu du Nicolas Blain Makeako hautetsi eta Baterako ordezkariak.

Zer da Lurralde Elkargoa?

2012an hamar urte beteko ditu Baterak. Urteurrena baliatuz eta iaz egindako herri kontsultaren emaitzak kontuan harturik, kanpaina orokor bat bultzatzea deliberatu du eskakizun berriaren mamia hedatzeko.

Izan ere, zer da lurralde elkargoa? Instituzioen erreformaren atal nagusiak finkatu direlarik, Estatu frantsesean indarrean diren eskualde-instituzio mota ezberdinak aztertu ditu Baterak eta Korsikaren eredua iruditu zaio aproposena. Bozen bidez hautatua den biltzar batek kudeatzen du egitura hori eta, orotara, berrogei bat hautetsiz osatua da. Halere, instituzio horrek dituen eskumenak dira, Bateraren iritziko, Ipar Euskal Herriarentzat interes handiena dutenak, «nahiz eta oraingoz korsikarrek ez dituzten eskumen guztiak baliatzen».

Lurraldeko elkargo batek aurrekontu propioa eta zergak biltzeko ahalmena izateaz gain, zuzenean Europarekin -baita Euskal Autonomia Erkidegoarekin eta Nafarroarekin ere- harremanak izateko aukera ematen du. Baterak ez du horrekin ukatu nahi azken hogei urteotan pays egiturari esker izan diren lorpenak.

Alabaina, Lapurdi, Nafarroa Behere eta Zuberoan mota askotariko proiektuak gauzatzea bideratzen duen hitzarmen hori 2013an bukatuko da. «Pays-ak bazuen bere funtsa, baina, ez zuen Europa eta Hegoaldearekin harreman zuzenak izateko aukerarik ematen. Gaur egun, lotura horiek guztiak Bordeletik pasatzen dira», argitu du Blainek. Horrenbestez, Departamenduak eta pays-ek eskaintzen dituzten aukerak baino urrunago joan nahi du Baterak.

2014ra arteko epea

Aldarrikapena gizarteratzeko, 2014ra arteko epea eman dio bere buruari, data horretan egingo baita, lehen aldiz, eskualde mailan sortuko den egitura berriko hautetsiak aukeratzeko bozketa. «Epea laburra da; horregatik doinua aldatzea erabaki dugu», azaldu du Blainek. Tarte horretan, gainera, Asanblea Nazionaleko eta Presidentetzarako bozak izango dira, eta, horien karietara, Parisen ere harreman lana egiteko asmoa du Baterak. François Hollande PSko hautagaiak, esaterako, Baterarekin bilduko dela agindu zien.

Garapen Kontseilu eta Hautetsien Kontseiluari aztergai diren instituzio aukera ezberdinekin «eztabaida ahal bezain publikoa» antolatzea eskatu die. Bateraren kanpainak beste ekimenik ere izango du, besteren artean, martxoaren 3an mobilizazio handi bat egiteko asmoa du plataformak.

Hiru egituratze proposamen daude mahai gainean

Garapen Kontseiluak instituzioari buruzko eztabaida abiatua du. Batera plataformak bultzatzen duen Lurralde Elkargoaren proposamenaz gain, beste bi aukera ditu mahai gainean.

Horietariko bat Estatuaren ordezkari den prefetak aipatutakoa da. Pays mantentzeko Ipar Euskal Herri osoa aintzat hartuko lukeen elkarte bat osatzea proposatu zuen. Bateraren esanetan, ostera, egituratze horrek ez ditu pays-ek ematen dituen aukerak ere ematen.

Proposaturiko bigarren egituratzea metropoli polo bat (Pôle Metropolitain) osatzea da. 300.000 biztanle dituen lurralde-eremu batean bakarrik sortu daiteke, eta Ipar Euskal Herriak irizpide hori betetzen du. Bateraren esanetan, «makro-herri-elkargo bat da» eta eskumen berak ditu. Egungo herri elkargoek, beraien eskumen eta aurrekontua bazterrera utzi beharko lukete egitura berri horri lehentasuna emateko. A.B.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo