GARA > Idatzia > Ekonomia

ENPRESA EKIMENA

Ekintzaile izaten ikas daitekeelako, elkarlan eta autogestioaren bidez

Mondragon Unibertsitateak ekintzailetasuna garatzeko masterraren bigarren edizioa aurkeztu du MU-Plus estrategiaren barruan. Barne ekintzailetza eta lankidetza bidezko masterrak, ikasketa aktiboa deritzonaren bidez, partaideei proiektu berritzaileak garatzeko bidea irekitzen die, betiere, elkarlanean eta beste herrialde batzuetako esperientziak ezagutzeak ematen duen bultzadarekin. Urtarrilean bukatuko da lehenengo edizioa, bigarrenak bideari ekin diezaion.

p030_f02.jpg

Iraia OIARZABAL

«Ekintzaile izaten ikas daitekeelako», Barne Ekintzailetza eta Lankidetza Bidezko Nazioarteko Masterraren II. edizioa aurkeztu du Mondragon Unibertsitateak. Izenburu korapilatsu horren atzean, profesionalen ideia berritzaileak aurrera ateratzea helburu duen ikastaroa dago, partaidetza eta elkarlana direlarik proiektuak garatzeko oinarriak. Masterra profesionalei zuzenduta dago eta bi profil bereizten ditu partaideen artean: jada existitzen diren enpresetan proiektu berritzaile bat zuzentzen ari diren pertsonak eta ideia bat abian jarri nahi duten ekintzaileak.

Jose Luis Abaunz, Unibertsitate enpresa harremanetarako zuzendariak eta Aitor Lizartza masterreko koordinatzaileak eman zuten graduondokoaren nondik norakoen berri, eta lehenengo edizioa amaitzear dagoen arren, balorazio positiboa egin zuten biek ala biek. Bi saio falta dira lehenengo ikasturtea amaitzeko. Bigarrenak, urtarrilean hasiko du ibilbidea.

Lizartzak master programa berritzaile hau «berezi» egiten duten hiru ezaugarri nabarmendu zituen. Batetik, eginez ikasten dela (Learning by doing). Hau da, ikasleek proiektu erreal batekin abiatzen dute euren ibilbidea. Ikasturte osoan zehar egitasmo hori aurrera ateratzea izango dute helburu.

Elkarrizketa espazioen sorkuntza da bigarren gakoa. Izan ere, parte hartzaileek euren egitasmoak eta erronkak partekatzen dituzte hasieratik, Lizartzaren arabera «indarrak batzeko» helburuarekin. Hein batean, elkarrizketa gune horiek sortzeko gaitasunean kokatu zuen proiektuen arrakasta. Bere aburuz, zenbat eta sendoago izan solasgune horiek, are emankorragoa izango da egitasmoaren garapena.

Hirugarren ezaugarria da masterraren alderdi berritzaileena: ikaste bidaiak, hain zuzen ere. Master honek hiru bidaia hartzen ditu bere barnean. Lehenengo bidaiak Finlandiara eramaten ditu ikasleak. Bertan errotutako Team Academy-ko metodologia barneratzea eta aldi berean, Finlandia munduko herrialde lehiakorrenetarikoa izanik, bertako enpresekin elkar eragitea dira bidaiaren xedeak. San Frantzisko da bigarren geltokia. Zehazki, Silicon Valley da masterraren interesgunea, «munduan dagoen ingurune ekintzaile nagusia» dela iritzita. Azkenik, masterraren azken txanpan Txina eta India bisitatzen dituzte. «Azken urteetan hazkunde ekonomiko handia izan dute, mundu mailako erreferente bihurtuz», azpimarratu zuen Lizartzak. Bestalde, Euskal Herriko kooperatibek bertan negozio eta filial asko dituztela gogoratu zuen, horrek norako are interesgarriagoa bihurtzen duelarik. Lizartzaren ustez, bidaia hauek ikuspegia zabaltzeko oso baliagarriak zaizkie ikasleei, baita euren proiektuen norabidea zehazteko ere.

Partida jokatu

Eneko Izquierdok gertutik ezagutzen ditu masterraren xehetasunak, lehenengo edizioko ikaslea da eta bukaera marrazteko oraindik bi saio gelditzen badira ere, esperientzia «ikaragarria» izan dela aitortu zuen aurkezpen ekitaldian, bere esperientziari buruz galdetzean. Masterrean izena eman aurretik zazpi urte eman zituen Eroskin lanean eta aurretik bost urteko karrera eta master bat ikasi zituen. Bilatzen zuena, azken honetan topatu du, ordea: «Nire proiektuan sakontzeko aukera, indarra eta grina eman dizkit», aitortu zuen.

Eroskin proiektu ezberdinen arduradun izan zen Izquierdo; estrategia finkatu eta zuzentzea zen bere lana. Horietako batek eraman zuen Barne Ekintzailetza eta Lankidetza Masterrera. «Garatu beharreko proiektu batek, autogestioa arlo guztietara nola zabaldu ikertzen zuen, horretarako intraekintzailetasuna deritzona baliatuz. Proiektu horrekin etorri nintzen masterrera», zehaztu zuen.

Masterreko estrategiari dagokionez, lankidetza oso garrantzitsua dela azpimarratu zuen. «Masterrean hamar pertsona gaude, bakoitzak bere proiektua dauka, baina konexio handia izan dugu. Elkar lagundu dugu eta proiektu berriak sortu ditugu gure artean eta enpresa berriekin. Hori oso garrantzitsua izan da niretzat, nire proiektuan aritu naiz lanean, baina era berean, masterrean egon den lan taldearekin proiektu berriak sortu ditut», azaldu zuen Izquierdok. Era berean, atzerrira egindako bidaiek eta ezagututako errealitate eta esperientzia ezberdinek, proiektu berriak jaiotzeko bidea ireki dutela gaineratu zuen.

Lankidetzarekin batera, taldearen autogestio gaitasuna mugarri garrantzitsua dela nabarmendu du. Aholkulari gisa izaten dituzten coach-ek «zelaia jartzen» dute, «baina guri dagokigu taldekide bezala baloia hartu eta jolastea», zehaztu zuen. Hortaz, masterraren izaera berritzailea azpimarratu zuen : «Ez da master tradizional bat, non informazioa noranzko batean ematen den eta zu jasotzera mugatzen zaren. Hemen zuk duzu gaia eta zuk sortu behar duzu jakintza berria. Ez da bidea jarraitzea, bidea egitea baizik».

Etengabeko prestakuntza

Barne Ekintzailetza eta Lankidetza Bidezko Nazioarteko Masterra MU-Plus estrategian kokatzen da. Formazio iraunkorra eta graduondoko eskaintza bideratzeko plataforma da MU-Plus eta bere eskaintza profesionalei zuzenduta dago. Testuinguru horretan, lau esparru lantzen dituzte: enpresa kudeaketa, kooperatibismoa, pertsona eta taldeen garapena lidergoarekin lotutako ekimenekin eta ekintzailetasuna.

Ekintzailetasunaren arloan, duela hiru urte hasi ziren gradu berri bat abiatuz. Graduko formazioa bideratuta, interesgarria iruditu zitzaien metodologia berbera erabiliz profesionalei zuzendutako produktua bultzatzea. Horrela jaio zen ekintzailetza masterra, sen ekintzailea duten horiei bidea eraikitzen laguntzeko asmoz.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo