GARA > Idatzia > Kultura

Pasaiako portualdeko 1977 berezi hura, gazteen pultsutik kontatua

Pasioz betetako gaztaroa bizi izan zuen Koldo Izagirrek 1977 inguru horretan bere herrian, Pasaiako portualdean, eta pasioz beterik idatzi du orain gertaera horiek oroituz. Idazleak adierazi zuenez, egarri baten istorioa da bere nobela berria, garaia ere halakoxea zelako.

p051_f01.jpg

Maider IANTZI | DONOSTIA

Gaztedia matxinatu bat da «Egarri egunak portualdean» Koldo Izagirreren azkeneko laneko protagonista, askatasun, maitasun, berdintasun eta edertasun egarriz zegoena eta topera gozatu eta bizi nahi zuena. Kontalaria gizon bat da, orduan gazte zena eta orain idazle bilakatua dena; ez du izenik eta, horregatik, antzeko bizipenak izan zituen edozein pertsona sentitu daiteke berarekin identifikatuta, tartean eleberriaren egilea bera, nahiz eta ez den lan autobiografikoa. «Gogorra, tristea eta, aldi berean, oso ederra» izan zen garai hura Pasaiako portualdean; gazteek gauza pila bat egin zituzten eta eskualdeko markoa ere gainditu zuten.

«Historiak eskatzen zuen mailan egoten jakin genuen, gure hutsegiteekin baina hor egon ginen», baieztatu zuen 1953an jaiotako altzatar-antxotarrak. Ez zuten euren gurasoek bezalakoak izan nahi, ez zituzten onartzen inposatzen zizkieten estetika eta morala.

Gorka Arrese Susako editoreak erran bezala, estilo narratibo hagitz berezi bat garatu du Izagirrek liburu honetan, «antikonformista, narratzailea eta protagonista bezalaxe». Horren erakusgarri, pasarte bat irakurri zuen idazleak aurkezpenean: «Laguna hausten den hilobiak leher egiteraino zurruta kantua egin litekeen mahaia izan behar luke, zer axola plastikozko lore zikin hauek dardaraka ontzi jausi zartatuaren lepoan, zer axola gure mozkorraldiaren puskailak aldare profanatu batean, zer axola du, bizitza hau ez da edangarria. Horregatik datza gaztaro bat hemen, mesosferaren hondorainoko zuloan gordea».

Memoria berreskuratzen

Egileak agertu zuenez, memoria berreskuratzen ari da narratzailea eta deskripzio barroko horretatik abiatzen da, bisitari gisa datorrenez, edertu egin nahi du kontakizuna, sarrera bat josi. Eta amaieran, buelta bat ematen dio sarrerari berari. «Ikusten da nobela idatzi behar izan duela memoria berreskuratzeko».

Istorioaren kokalekuari, Pasaiako portualdeari buruz, erran zuen beti bizi izan dela jendea bertan eta etorkinak, alemanez eta ingelesez elkar ulertzea, bizikidetza eta kultur talkak aspaldi ezagutu zituztela. Bertze ezaugarri bat erantsi zuen: «Euskal Herrian leku gutxitan bezalako borrokak gertatu ziren 77an, besteak beste asanblada iraunkorra zegoelako Errenterian. Errepresio handiko lekua izan zen, oso borrokalaria zelako».

Gogoratu zuenez, denean zegoen politika: etxean, kalean, tabernan, bai eta bikote harremanetan ere. «Maitasuna ere ekintza politikoa zen». Liburuaren izenburuak deskribatzen duen bezala, egarri egunak ziren, egarri politikoa eta soziala. «Gure aurreko belaunaldiek ere bazuten: unibertsitatea utzi eta fabrikara joan ziren, komunetan bizi izan ziren. Konfrontazio argia zuten patronalarekin. Gure garaian, ekologismoa, feminismoa eta hirigintza gehitu zitzaizkion, premia zegoelako».

«San Marko zabortegia jasan dugu 7o urtez, bere hondakin guztiekin eta horrek ekarri dituen minbiziekin; zentral termikoak; petrolio deskargak... Errenterian urtetan hirigintza basatia egin da».

Feminista erradikalei buruz, anitz zor diegula azpimarratu zuen: «Probokazioa egin zuten, konbultsioa ekarri zuten, eta interesgarria da aztertzea nola hartu zituzten emakumeek berek, gorrotoa ere hartzen ahal zietelako eta askok hartu zietelako. Adibidez, polizia batek Vicente hil zuen trabestia zelako. Ez zen bakarrik feminismoa, sexualitate librearen aldarrikapena ere bazen. Oso inportantea izan zen Vicente; Salamancakoa zen eta familia etorri zen, omenaldi publikoa egin zitzaion...». Izagirreren arabera, gauza anitz egin ziren eta ereindako haziek uzta eman dute.

Gaineratu zuenez, gaur egun, ihes egin nahi diote arazoei kanpoko portua erakutsita, guztiaren konponbidea balitz bezala. Eta «denek» dakiten arren «ez dela egia», horretaz aritzen diren bitartean, ez diote heltzen «eskualde abandonatu honetan» egin behar denari.

ABIADURA

«Bait», «zeren» eta halako baliabideak «oso esplikatiboak» iruditzen zaizkio Izagirreri. «Horiei uko eginez, ez dut lehendabiziko ulermena errazten, baina uste dut abiadura ezberdinak ematen dizkiodala testuari».

Fitxa

Liburua: «Egarri egunak portualdean».

Idazlea: Koldo Izagirre.

Argitaletxea: Susa.

Orrialde kopurua: 142.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo