GARA > Idatzia > Iritzia> Azken puntua

Pello ZABALA | Eguraldian aditua

Ba omen dator elurra

Ez zait iruditzen asko asmatzea denik azaroaren erditik aurrera hoztuko duela eta elurra sendo izanen dugula esatea

Udazken espezialaz idatzi nuen aurrekoan. Gaur izango omen dugu elurra. Zenbat? Non? Noraino? Noiz arte? Negutuko al du gaurtik aurrera?...

Azaroaren bigarren pendiztxoari elur sonak erantsi zizkioten duela 10 aste, udazkenean sartzearekin bat. Ez dirudi batetxo ere asmatu dutenik. Alderantziz, esango nuke. Nola, alderantziz? Ez asmatzea, ez al da ez asmatzea? Bai, baina, asmatzeak bere proportzioak eta notak dituen legez, erdizka asmatu, ongi samar asmatu, ongi asmatu, bete-betean eta pare-parean eman... goazen orain beste aldera... eta, ez asmatzean ez al dago pendiz bertsua? Egin litekeela fallo, alegia, puntu batez, bi puntuz, dozena bat puntuz edo erabat beste aldera eta goitik behera fallo eginez.

Ez zait iruditzen asko asmatzea denik, azaroan egin ohi duena, azaroaren gerrienekoa esatea, alegia, azaroaren erditik aurrera hoztuko duela eta elurra sendo izanen dugula. Edo ez al da hori, hain justu normalenetan egin ohi duena? Inork, asmatzeko kontuetan sartzen denean, gutxienez bi puntetako bati edo joera dirudiela ematen omen duen horri antzeman beharko lioke asmatu duela esateko, ezta? Alegia, normala ez denari antzeman... Edo ez? Neguan elurra egingo duela, ez dut uste beste munduko asmakizuna denik...

Ezer asmatzekotan, aurten, beste aldeko punta hori izango zen asmatu eta pare-parean jotzea. 1928tik hona, 73 urtez, alegia, ez omen dugu izan hain azaro gozo eta epelik. Elurrik ez zuela egingo eta tenple primerakoa izango genuela, ez haize latosorik ere, gozo joango zela... hori izango zen asmatzea, ezta? Eta horretatik zenbat eta urrunen ibili, orduan eta fallo nabarmenagoa eta batere ez asmatzea.

Baina, izan da, bai, asmatu duenik eta, asmatzen hasita, bete-betean eta pare-parean eman duenik. Udazkenaren lehen egun haiek izan ziren, hain justu, aurtengo udazken bolada hain egoki seinalatu digutenak: hasi 21ean, segi 23 eta 24an, erreparatu hurrengo 25ari, eta 26-27 eta azken kontra-tenporaren egunari eta, listo! Listo, bai! Bete-betean eman zizuten, jaso nahi bazenuen. Oraindik hemen dauzkat ongi apuntatuta egun dontsu horietako gorabeherak... Hauxe, egin duena, eta artean ere egingo duena, hain justu!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo