GARA > Idatzia > Kirolak> Pilota

Promozio Txapelketako Lau eta Erdiko finala

Lemuno eta Mendizabal lehen aldiz txapela janzteko prest eta gogoz ageri dira

Antzuolakoa eta Angelun bizi den kolonbiarra bihar arratsaldean neurtuko dira Tolosako Beotibar pilotalekuan, onena zein den erabakitzeko asmotan.

p043_f01_546x564.jpg

Jon LEUNDA

Stephane Lemuno eta Aitor Mendizabal bihar arratsaldean, 18.00etatik aurrera, neurtuko dira Tolosako Beotibar pilotalekuan, Promozio Txapelketako finalean. Bi pilotari gazte, eta biek datorren urtean onenekin jokatzeko ilusioa dute. Aurretik, ordea, txapela nahi dute, eta hori lortzeko borrokatuko dira.

Lemunok eskuetako arazoak izan ditu azkenaldian, eta finala atzeratu egin behar izan du. Egun, ustez ongi dagoela esan zuen: «Eskuina ongi daukat, orain ezkerrak ematen dit kezka apur bat. Txapelketa osoa eskuina gaizki dudala aritu naiz, eta behar baino gehiago egurtu dut ezkerra, orain ondorioak ditut, baina ez dut uste arazorik izango dudanik», esan zuen. «Finala gauza handia da, eta dena ematera atera behar da», erantsi zuen Angelun bizi den pilotari kolonbiarrak.

Aitor Mendizabal ere gogotsu dago, eta finala atzeratu izanak ez dio eragozpenik sortu. «Egia esan behar badut, entrenamendu serioak egin ditut eta ez dut nabarituko. Denbora gutxi daramat profesionaletan, eta final bat jokatzeak sekulako ilusioa egiten dit», adierazi zuen.

Bi pilotariek jadanik pilotak aukeratu dituzte, eta hartutakoekin konforme geratu dira: «Bi pilota ezberdin hartu ditut. Bata jokatzeko, eta bestea tantoa bukatzeko», esan zuen Mendizabal III.ak. «Nik bizi samarrak ditut gustuko eta horrela hartu ditut, baina horrek ez nau kezkatzen. Lau pilota daude, eta horiekin jokatu behar da, eta ahal bada finala irabazi», esan zuen Stephane Lemuno gazteak.

Frontoi ona

Bi pilotariak oso gustura geratu ziren pilotalekuarekin ere. Beotibar bientzat ona zela onartu zuten, eta hori ez zela inongo aitzakia izango ere baieztatu zuten. Aurkariari begira jarritakoan, edozer gerta daitekeela esan zuen Mendizabalek. «Lemunok edozer egin dezake, baita uste ez duzun jokaldi bat ere. Oso pilotari arriskutsua da», esan zuen Antzuolako pilotariak.

«Finalean sartu da, eta hori zerbaiten seinale da. Pilotari bikaina da, baina final batean edozer gerta daiteke. Nik lehenengo gozatu egin nahi dut, eta gero ahal bada, irabazi», esan zuen, berriz, pilotari kolonbiarrak.

Bi kirolariak lehen ere aurtengo lehiaketan elkarren aurka jokatuta daude, eta orduan gipuzkoarra gailendu zen 22-21. Partida, ordea, oso berezia izan zen; izan ere, Mendizabal 21-11 aritu baitzen irabazten, eta Lapurdin bizi den kolonbiarrak 0-10eko partzial bat sartu zion partida berdintzeko. Hala ere, neurketa Mendizabalek irabazi zuen. Bi pilotariak bat etorri ziren horrek ez duela larunbaterako balioko esanda.

«Partida hartan asko sufritu nuen, ia irabazita neukala berdindu egin baitzidan. Dena dela, erreferentzia gisa ez dut uste hark balioko duenik, final bat beti ezberdina izaten baita, eta hor edozer gerta baitaiteke», esan zuen Antzuolakoak.

«Bere herrian jokatu genuen, eta oso partida ona egin zuen. Orduan berak irabazi egin zidan, eta orain errebantxa hartu nahiko nuke. Dena dela, finalak bereziak dira, eta uste dut bi partidek ez dutela zerikusirik izango», esan zuen Lemunok.

Bi gazteak jadanik finalari begira daude, eta gogoz. Egin beharrekoa egin dute, eta orain atseden hartu nahi dute, bihar ahalik eta ongien egoteko. «Egitekoa eginda dago. Une hau berezia da; nerbioak hor izaten dira, baina aldi berean polita da, ilusio handia dugulako biok, eta finala jokatzeko aukera ez delako egunero izaten. Nik finalarekin gozatu egin nahi dut, ahalik eta ongien pasa, eta gero, normala den moduan, irabazi egin nahi dut», esan zuen Lemunok.

Azkeneko urte hauetan Lapurdiko pilotariak modan daude, Gonzalezek eta Xalak lehen orrialde asko bete baitituzte. Lemunok horri jarraipena eman nahi dio; Mendizabalek, berriz, moda aldatzea nahiko luke.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo