GARA > Idatzia > Iritzia> Jo puntua

Mikel Ibarguren Idazlea

Kolosala izango da

Jada herriarenak dira haien aldarriak, jada sakabanaketaren ankerkeria agerikoa da, itsuenak ere badaki, horregatik kolosala izango da herri honek emango duen urratsa

Gauminean isiltasunak oso bestelako dimentsioa hartzen du kartzelan. Neguko zirrikitu meharretatik eguzki berriak ziegetako ilunbeak argitzen ditu. Eta eskertu egiten da. Gatibu diren minkideak sugandilak legez pilatzen dira patioaren ertzean fereka epelen xerka. Paraje mingots haietan presoaren gogoak amesgaiztoak zelatatzen dihardu, gutunaren zain dago edo bisabiserako prestatzen ari da. Bestelako geroa du amesten lau hormen artean bizi denak; itzultzearekin amets egiten du, berriz, deserriratuak, munduen periferian bizi denak; akorduak biziarazten du; herririk gabeko herrian bizi da. Eta ausentziaz dute galdetzen, herritik urrun hiltzearen kezkaz mintzo dira, etxekoak ondo ote diren, lagunak nola ote dabiltzan, bidaia ongi egin duten. Ez da mitoa, baina Ulises haren antzera sorterrira nahi dute.

Bakartasunaren geografia mugagabeak zein exilioaren ez-lekuak arrakala handiegiak dira herri honen gerorako, bakearen onerako. Atzendu ezina da, urrutiminaren poetikak errealitatearen gordina ezkutatzen baitu bere baitan. Sentimenduak kilometroetan deklinatzen dituzten senideentzat egun beltz eta gau zuri asko dira. Gaitz egiten da zenbat hotz eta bero pasa duten jakitea; zenbat restop, gasolindegi, maitasun, besarkada, muxu, inpotentzi, negar, bakardade; zenbat borroka, samin, tristura eta poz... Badakigu, baina esan beharra dago: senideen aurpegi nekatuek mila hitzek baino gehiago balio dute. Kristalaren beste aldeko begirada soil batek duintasunari forma ematen dio. Ekinaren ezinez batzuetan, ezinaren ekinez bestetan, baina irmo ageri dira. Horregatik, handia izango da aita Murtzian eta ama Madrilen duen Oier haurrarentzat. Edo seme bat Parisen eta bestea Herreran duen Juanitorentzat. Itzultzea ezinbestekoa egiten dela dioen Alfontso Etxegarai bezala daudenentzat. Haiek gabe gure herria ez baita herri izango. Haiek askatu gabe geu ere ez baikara aske izango.

Nolanahi den ere, distantziak tristura, ardura eta urduritasuna sortzen diela, baina etorkizunari aurre egiteko indarra ere ematen diela irakurri dut senideen ahotan. Ortzemugarik gabeko lautada urrunetan dispertsioak odolustu egin ditu, dispertsioak hil egin ditu. Deportazioak eta exilioak bezala. Eta izen-abizenak ditu. Munduko atlas eta kartografia ezberdinak ikasi behar izan dituzte Almeriako El Acebuche edo St. Martin de Ré non dauden jakiteko. Sao Tomé edo Cabo Verde zein mundutan dauden asmatzeko. Minari minaren zauria egiteko izan baitziren asmatuak, mendeku gosez, deportazioak eta sakabanaketak. Baina kriseiluaren argia ez da inoiz itzali.

Garai batean «zer eskatzen du herriak?» galdetzen genuela akordatu naiz edo «zai dago ama, zai aita...» abesten genuela. Eta hala da, zain dago herria, baina ez geldirik. Abian den prozesuak ez bailuke zentzurik gatazkaren ondorio hauei irtenbiderik eman ezean. Jada herriarenak dira haien aldarriak, jada sakabanaketaren ankerkeria agerikoa da, itsuenak ere badaki, horregatik kolosala izango da herri honek emango duen urratsa. Santi Brouardek zioen legez, gaur ezinezko dena bihar posible izan dadin bermatu behar baitugu.

Egin dezagun posible.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo